2014 ABEN. 15 sokatira Ibarrako neskek eta mutilek txapelekin amaitu dute Laukoa J.L. Ibarrak ez zuen barkatu, eta bi txapel jantzita amaitu zuen herenegun jokatutako Euskal Herriko Lauko Txapelketa. Neskek ia eskuetan zuten, baina mutilek jardunaldi batera erabaki behar izan zuten. Mutilen mailan aurreko bi jardunaldietako sei talderik onenak lehiatu ziren, eta Ibarra zen irabazteko faborito nagusia. Gipuzkoarrek ez zuten hutsik egin, saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta amaieran txapela buruan zutela amaitu ahal izan zuten, denboraldiko lehen helburua betez. Bigarren postua Ezpeletako Ñapurrak taldearentzat izan zen. Ezpeletakoek ere oso lan ona egin zuten, eta, Ibarrarekin galdu ostean, gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta amaieran bigarren postua eta zilarrezko domina jantzi ahal izan zuten. Podiuma Baigorrik eskuratu zuen. Borroka handia izan zen hortik behera, baina Nafarroa Beherakoek eskuratu ahal izan zuten brontzezko domina. Laugarren posturako kitarakoa jokatu behar izan zuten. Iparraldek eta Sokarrolak berdinduta amaitu zuten, baina gero aurrenekoak irabazi zuen kitarakoa eta horrekin baita laugarren postua ere. Hala, Sokarrola bosgaren geratu zen. Sailkapena itxi zuena, berriz, Urruña izan zen. Neskak Nesketan Ibarrak eskura zeukan txapela, ligaxka erara jokatu baitute, eta moreek ez zuten barkatu. Horrenbestez, amaieran azkeneko jardunaldia irabazteaz gain, txapela ere jantzi zuten, azken jardunaldian, eta etxean, garaipena eskuratuta. Bigarren postuan Gaztediren lehen taldea sailkatu zen, hirugarren Badaiotz, Gaztediren bigarren taldea laugarren, eta azken postuan Bizindar geratu da, saio guztietan azkena amaituta.