2014 ABEN. 28 HEMEROTEKA Espetxe politika eta bakea Garbiñe Biurrun argia (...) Espetxe politika mundu osoan da kezka, baita Europan ere. Horregatik ematen dira arauak maila desberdinetan. Horietako bat 2008an Europako Batzordeak hartutako Erabaki Markoa, non Europar Batasuneko estatu batean emandako epaiak beste estatuetan errekonozitzeko finkatzen ziren oinarriak. Estatuek Erabaki Marko hau sartu behar zuten beren barneko araudian, baina Espainian ez da horrelakorik egin 2014ko azaroaren 12ra arte, 7/2014 Lege Organikoa onartu den arte. Bitartean, hor zegoen Batzordearen erabakia eta hor, baita ere, auzitegiek hori betetzeko duten betebeharra. Horrela, 2014ko martxoaren 14an Auzitegi Gorenak Entzutegi Nazionalari agindu zion, kasu zehatz batean, kontuan hartzeko Frantzian betetako espetxe zigorrak. Bada, hain zuzen ere, ia sei urte igaro eta gero, inolako mugimendu legegilerik gabe, egun berean Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen Lege Proiektua, eta gero, bere tramitazioan hainbat zuzenketa sartu ditu PPk lege horren ondorioak «leuntzeko». Hau da, Auzitegi Gorenaren irizpideari jarraituz, libre utzi beharko ziren 50-60 ETAko presoek espetxean jarrai dezaten. (...) Horrek guztiak adierazten du zein den Espainiako Gobernuaren jarrera eta hainbat alderdi politikorena ere. Bake prozesua ukatzen da eta, gainera, oztopatu egiten da, presoen gaiari inolako tratamendurik eman gabe. Presoek, Ipar Irlandan gertatu zen moduan, zeresan handia eduki beharko lukete bake prozesuan, baina Gobernuak ez du horrelakorik onartzen. Jarrera gogor eta oztopagarri hori islatzen da egunero: presoen urrunketari buruz ez da mugimendurik egon, nahiz eta euren jatorriko lekuetara hurbiltzeko eskatu duten, nahiz eta hori birgizarteratzearekin bat datorren, eta beraz, zeharka, funtsezko eskubidea den. Gobernuaren oinarrizko abiapuntua garbia da, baina guztiz okerra: bere ustetan, ETAko presoekiko edozein «keinuk» estatuaren eta demokraziaren ahulezia adieraziko luke. Guztiz kontrakoa, nire iritziz: alde batetik, eskatzen dena legea betetzea besterik ez da eta horrek estatu demokratikoa indartzen du; bestetik, paralisiak adierazten du ahuleziarik handiena eta araudiari egiten zaion «iruzurrak» islatzen du Espainaiko Estatuaren beldurra eta beren planteamenduen hauskortasuna. (...)