2014 ABEN. 28 PILOTA Ezkurra eta Ducassou II.a izango dira aurrez aurre Superprestigioko finalean Jon LEUNDA Paxkal Ezkurra eta Battitte Ducassou neurtuko dira gaur 17.00etan Donibane Garaziko Garat trinketean, Buruz Buruko Superprestigioko finala irabazteko asmoarekin. Txapelketa hasi aurretik beraiek ziren faboritoak, eta biak izango dira gaurko finalean. Biak zuzenean sartu ziren finalerdietan, baina biek oso itxura ezberdina eman zuten finalaren atariko neurketan. Ducassou II.ak inongo arazorik gabe menderatu zuen Larralde, eta emandako itxura ere oso ona izan zen, eta hura ikusita, gaurko partidarako faborito ere bihurtu da, eta badirudi dirua hasieran bere alde egongo dela. Paxkal Ezkurrak askoz ere arazo gehiago izan zituen finalerako bidea egiteko, puntu batez irabazi baitzion Bilbaori, eta une askotan atzetik ibili ostean, gainera. 37-39 ere egon zen, eta une askotan finalean ez zela izango ere ematen zuen, baina Bilbaok bere eskarmentu falta agerian utzi zuen, oraindik oso gaztea eta profesionaletara pasatu berria baita, eta Paxkalek ez zuen barkatu, norgehiagoka irabazi eta finalean sartuz. Hala ere, partida horretan zalantza asko piztu zituen. Pasa den urteko Buruz Burukoa irabazi eta gero ez dabil bere mailarik onenean, eta hori pasa den astelehenean ere erakutsi zuen. Ducassouri irabazteko lan asko egin beharko du. Battitte oraindik oso gaztea da, baina onenekin lehiatzen urte batzuk badaramatza, eta orain bi urte Superprestigioa irabazi ere egin zuen.