GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Miklos Sandor Dora III: Surf liburu eta artikulu mitikoak

Negua, surflariak bidaian edo etxeko beroan daudela, irakurtzeko sasoi egokia izaten da. Miki Dora surflariaren ingurukoak oso erakargarriak dira edozein surflarirentzat. Hona hemen, aholku gisa, Miki Doraren berri izateko zenbait artikulu eta liburu interesgarri.


Zirkuitu esanguratsuenak amaitu dira, 2014. urteak berea eman du, eta negu betean sartu gara. Itsaski handien sasoia da, mundu osoan. Surflari askok leku gozoagoetara jotzen dute, ur jantzi astuna kendu eta bainujantzitan surf egiteko asmoarekin.

Olatu handietako surflariek ez diote uraren tenperaturari begiratzen, eta itsaski handienek zein kostalde kolpatuko duten begiztatzen dute isobara mapetan. Bidaian edo etxeko beroan, irakurtzeko garai ona ere bada negua. Miki Doraren ingurukoak irakurgai interesgarriak izan daitezke surflari batentzat.

Zergaitik Dora?

Surflari nomadaren profila bakarrik ez, surflari inkonformista ere ezin hobeto irudikatzen duelako, eta egunotan, inoiz baino surflari gehiago izan arren, guztiak berdin-berdinak direla dirudienean, hausnarketa ariketa polita izan daiteke eredu desberdinak badirela ikustea.

Miki Doraren esanek surfaren historia modernoan eragin handia izan zuten. Kontraesan handiko gizona izan zen, gauza bat esan eta bestea egiten zuen, baina egun mundu mailan ezagun diren surflari gehienek ez bezala, diskurtso propioa zuen.

1989. urtean, «Surfer magazine» aldizkarian sona handiko artikulu bat argitaratu zuen Dorak. Inoiz, surf aldizkari batean idazteagatik inork jaso duen diru kopuru handiena jaso zuen. 10.000 dolar amerikar ordaindu zizkioten Dorari lan harengatik. «Million Days to Darkness» zen artikuluaren izenburua.

«Hamasei urteren ostean bere isiltasuna hautsiko du», zioten artikulua iragartzeko publizitate iragarkiek. Hona aurkezpen gisara aldizkariko idazleak idatzitako sarrera testua:

«Malibuko mitoaren sortzaile eta mirakulua, goi errendimenduko aitzindaria, surflari errebeldearen ordezkari argia, surfaren apokalipsiaren profeta eta nahigabean sortu zuen bere jarraitzaileen audientzia baten ikono haserretua. Miki Dorak bere bizia azken olatuaren gidaritzapean utzi du, eta zentzu askotan, garesti ordaindu ditu bere askatasunaren filosofiaren ondorioak. Jazarpena, espetxea, esamesak, ospea, eta marka komertzialen erabilera gogaikarria. 1974an desagertu zen agertoki publikotik. Orain, metaforikoki eta literalki, desertuan urte luzez harat-honat ibili ostean, Dorak gure kirolaren eta egungo garaien zorigaiztoko parabola berri bat eskaintzen digu...»

55 urte zituen Dorak artikulu hau argitaratu zenean. Sarreran egiten dizkioten galderen erantzunak oso esanguratsuak dira:

«Egin duzu soldadutzarik? Ez.

»Baduzu ondasunik zure izenean? Ez.

»Etxerik baduzu? Ez, soilik posta helbide bat dut.

»Baduzu nolabaiteko aseguru edo pentsiorik? Ez.

»Baduzu bankuko konturik edo kreditu txartelik? Ez.

»Inoiz ezkondu zara? Ez.»

Horrela, zenbait galderaren ostean Doraren testua dator. Testua luzea da, gai aunitz ukitzen dira, eta surflari baten idazlan bat baino politika geoestrategikoan aditua den norbaiten lana dirudi. Dorak bere bidaietako esperientziak eta bere jakituria elkartzen ditu surfaren izaera espiritualaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Gogoetak eta hausnarketak anekdota eta ipuinekin nahasten dira eta askotan zail da fikzioa eta errealitatea bereizten. Afrikako egoera du hizpide, bertako olatu eta paisaien salbaia maite du, eta gizakiaren historiarekin lotzen du.

Egun modan dagoen Namibiako kostaldea ere aipatzen du. Dora han izan zen, gizakiak bere garapenean emandako pausoei jarraiki. «Namibian eman zituen lehen urratsak lehen gizakiak, eta milioika urte berantago berdin jarraitzen du. Garezurren kostaldean iraganarekin bat egin dezake surflariak».

Denboraren kontzeptua oso presente dago bere testuetan. Diamanteek esaterako, denbora adierazten dute, edo antzeko zerbait, eta horregatik, olatuen atzetik bezala, haien atzetik jardun du gizakiak.

Angolan, olatu eta diamante bila zebilela izandako gertaera bat ere kontatzen du. ANCko militanteak entrenatzen ari zen Kubako talde batek atxilo hartu omen zuen eta galdeketetan aldizkari porno bateko argazkilaria zela esan zien. Dorak gorroto zuen Parisko tipo baten helbide eta datuak ere eman zizkien. Azkenean, kubatarrek beraiek eraman omen zuten hondartzara surf egitera.

Itsasoan zein lehorrean izandako abenturak kontatzen ditu Dorak, guztiak lehen pertsonan, eta txapelketen zein hondartzetako masifikazioaren inguruko hausnarketak egiten ditu, surfak etorkizun iluna duela esateko.

Malibutik Lapurdira

«Miki Dora, de Malibu à la Cote Basque», Alain Gardinier Baionako surflariak idatzitako lana da. Dorari buruz idatzi diren liburuen artean datu gehien eskaintzen duen liburua da.

Dorari buruzko libururik onena frantsesez argitaratua izatea harrigarria suerta daiteke, baina bere bizitzako urte asko Biarritz eta Getari artean bizitzen pasa zituen Dorak, eta urte oso esanguratsuak gainera, sasoi hartan sasian baitzen.

CIA atzetik zuela bizitza publikotik aldendu eta ezkutuan lasai bizitzeko aukeratu zuen lekua izan zen Lapurdi. Gainera, Hegoafrikako Jeffreys Bayko eskuin olatuarekin batera, Dorak gehien maite zituen urautsiak zituen Lapurdin, Parlementia eta Lafitenea.

Liburu honetan Miki Doraren biografia bakarrik ez, bere profila ere ahalik eta ondoen aurkezten saiatzen da egilea. Ez du mito faltsurik nahi, horregatik saiatzen da bere laguna ahalik eta modu errealenean azaltzen, bere dohainekin, baina baita bere alde ilunekin ere.

Doraren izaera zeken eta bakartia azpimarratzen dira liburuan. Iruzurgile patologikoa, fidatzekoa ez dena, beti besteen kontura dabilen aprobetxategia, lagunei lapurtzeko gai dena, besteak gutxiesteko joera duen megalomanoa, berekoia eta mesfidatia. Horrela aurkezten du Gardinierrek Dora.

Pasarte batzuetan harrigarria da Gardinierrek Dorari buruz egiten duen deskribapen ezkorra, baina hain zuzen ere horregatik da lan interesgarria. Dora benetan nolakoa zen adierazteko lan zintzoa egin duela erakusten duelako. Horrela, jeinua mitifikatzen duten kondairen benetako mamia azaleratzen da. Surfaren historian izan den garai bat islatzeko egin den lanik onenetarikoa izango da ziur aski, eta guztia pertsonaia bat ardatz hartuta, Miki Dora.