GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

«Murph the Surf»

1983ko Gabonetan, Miki Dora espetxean zela, disko bat iritsi omen zitzaion opari gisa, «Murph the Surf». Jack Roland Murphy gaizkile surflariari erreferentzia egiten zion izenburua zen. Murphy miresten zuen Dorak, eta haren omenez egindako disko bat abeslariaren mezuekin jasotzeak sekulako poza eman omen zion. Igorlea ere asko poztu zen Dorak isko hura maitatu zuela jakin zuenean.


Miki Dora 1981. urtean Donibane Lohizuneko telefono kabina batean atxilotu zuten, etakidea zelakoan. Noski, tronpatu ziren jendarmeak, baina AEBetan kartzela zigor bat betetzeko zuela ikusi zuten. Iruzurra eta dokumentuak faltsifikatzea egozten zioten. Hiru hilabete egin zituen Baionako «maison d'arrêt» zaharrean. Handik atera ostean Ameriketako Estatu Batuetara itzuli eta berriz kartzelan sartu zuten.

1983ko Gabonetan, espetxean zela, disko bat iritsi omen zitzaion opari gisa, «Murph the Surf». Igorleak, Biarrizko lagunak, Elliot Murphy abeslaria ezagutzeko aukera izan zuen eta bere diskoan Dorarentzat zerbait idazteko eskatu zion.

Diskoaren izenburuak abeslariaren izena zeraman arren, Jack Roland Murphyren bizitza kontatzen zuen filmaren izenburu bera zuen. Murphy, AEBetako surflari onenetako bat izan zen 50eko eta 60ko hamarkadetan. 1963. urtean, «estatuko surflari gorena» izendatu zuten, National Hurricane Surfing Championship lehiaketa ospetsua birritan irabazi ostean. Surflari bikaina bakarrik ez, tenis jokalari profesionala ere bazen Murphy, baita biolinista aparta ere. Hamabost urte besterik ez zituela Pittsburgh orkestra sinfonikoan jotzen zuen, AEBetan puntakoenetakoa. Gauza asko ongi egiteko gai zen Murphy, baita historian izan den lapurreta esanguratsuenetako bat ere.

1964ko urriaren 29an sona handiko lapurreta izan zen New Yorkeko historia naturaleko museoan. Balio handiko 22 harribitxi ebatsi zituzten, tartean «Indiako Izarra» bezala ezagutzen zen bitxia zegoen, 563 kilatetako zafiroa. Arrano diamantea edo errubi luzea bezalako beste zenbait bitxi ezagun ere eraman zituzten. 48 ordu beranduago, lau pertsona atxilotu zituen poliziak, bi New Yorken eta beste bi Miamin. Azken hauen artean aurkitzen zen Jack Rowland Murphy surflari profesionala.

Urte batzuk beranduago bizi osoko bi zigor ezarri zizkion Murphyri epaileak. Bi emakume eta gizon bat hil izana egotzi zioten. Hemeretzi urte espetxean egin ostean atera zen kalera tipo xelebre hau eta kalean heroi bat bezala hartu zuten.

Alain Gardinier idazleak, Miki Doraren bizia kontatzen duen liburuaren egileak, kontatzen duenez, Dorak zinez miresten zuen Murphy, eta haren omenez egindako disko bat abeslariak bere eskuz idatzitako mezuekin jasotzeak sekulako poza eman omen zion. Gardinieri ere sekulako poza eman zion Dorak bere oparia zinez maitatu zuela jakiteak.

Nik badakit hori zer den, noizbait sentitu dut antzeko zerbait, preso den norbaitek nire idatziekin irri egin duela esan didanean. Azken finean, haientzat idazten dut, zuentzat, bestela gutun miserable bat idazteko ere ez bainaiz gai. Artikulu honek erremite bakarra du, baina hartzaile asko ditu, Patxi, Olatz, Ekaitz, Ekhiñe, Pule, Gurutz, Ander, Ibon, eta aipatzen ez baditut ere ahazten ez ditudan beste izen pila bat. Dora eta Murphiren kasuan bezala, surfa, bitarteko hari eroalea baino ez baita. Doakizue opari gisa nire gaurko zutabe hau.