GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Eman gabe jasotzera ohituak


Jaiotzen den unetik hiltzen den arte oso denbora mugatuan da pertsona bere denboraren jabe. Baieztapen kategorikoa dirudi bai, baina, pentsa zein izan zen inolako ardurarik gabe denbora eta gogoa zuk nahi zenuen horretan inbertitu zenuen azken arratsaldea. Irakurlearen adina eta generoaren arabera erantzuna oso bestelakoa izango dela ondorioztatzeko atrebentzia ere gustura hartuko nuke.

Batzuetan eman eta besteetan jaso beharrean aurkitzen garen subjektu interdependenteak gara pertsonak. Zilbor-hestea etenda ere, kate baten modukoa da ume eta gurasoen arteko hartu-emana. Erlojuaren orratzak itzulika aritu ahala, katebegiak herdoildu eta autonomia moduko hitz ponpoxoek zentzua hartzen dute, umeentzat eta gurasoentzat hartu ere. Halakoetan, baina, familian beti dago ajeak jota lagundu beharrean dagoen nor edo nor. Seme-alabak ala amon-aitonen zaintzaz harago, bada, baina, axolagabeki igarotzen den beste alderdi bat: norberaren zaintza. Mimo, laztan eta arretak beharrezkoak ditugu, ondokoenak, baina baita geure buruari eman beharrekoak ere.

Zaintza adin desberdinetan errepikatzen den patroia den arren, jendartean ehuntzen ditugun harremanetan zaintzak ez du ez lekurik, ezta begirunerik ere. Are gutxiago lan munduan. Urte ugalkorrenak lanari eskaini eta obuluak izozteko aukera ere bada Apple eta Facebook moduko enpresetan. Eta halako neurriak moda-modan dagoen lana eta familia uztartzeko filosofiaren baitan! Bateraezina al da ama eta langile izatea? Eta hala bada, norena da errua, amarena soil-soilik?

Esfera pribatuari kateatuta jarraitzen dute zaintza lanek. Nork bidali du, baina, teloi atzera gure bizitza osoan zehar errepikatzen den egitekoa? Gure eta ondokoen ongizatearen zutoin diren eginbeharrak? Ordu ezinezkoetan lan plantak egiten jarraitzen duten enpresariak, etxetik ardura gabe ateratzen diren agintedunak, eta baita, maila batean ere, bilera amaiezinetan axola gabe katramilatzen diren militanteak. Eman gabe jasotzera ohituegiak daudenak guztiak.