2015 OTS. 17 Bilboko Ingeniaritza Eskolan antolatutako hitzaldiak «zentsuratu» dituztela salatu du SUAk GARA BILBO San Mames Unibertsitateko Asanbladak (SUA) agerraldia egin zuen atzo, EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan zuzendaritzak ikasleek antolatutako jardunaldi batzuk egitea eragotzi duela-eta «zentsura» salatzeko. «Ingeniaritza gizartea eta mundua eraldatzeko funtsezko tresnatzat jotzen dugu, zientziaren eta produkzioaren arteko kateburua baita. Beraz, eskola honetan erakusten ez zaizkigun beste ikuspuntu batzuk ezagutu eta ikasleei eskaintzeko asmoz antolatu genituen jardunaldiak», azaldu zuten bozeramaileek. Hizlariak prest ziren parte hartzeko eta aretoa erabiltzeko eskaera egitea besterik ez zitzaien falta. Eskaera egin, eta Koordinazio zuzendariorde Susana Uriartek ezezkoa eman zien. «Hori gutxi balitz, guk lortutako hizlariei jardunaldiak bertan behera gelditzen zirela esan zien», jakinarazi zuten. Uriartek hainbat argudio erabili zituen aretoa erabiltzeko baimenik ez emateko: protokoloa ez zutela bete, eskaera epez kanpo egin zutela, ikasleek ez dutela eskatzeko eskubiderik... SUAren hitzetan, berriz, horiek aitzakiak besterik ez dira, eta horrenbestez, azalpenak eskatuko ditu eta jardunaldiak egingo dituela jakinarazi du.