2015 OTS. 22 HEMEROTEKA Zer hizkuntzatan elkar ulertzen dugun, lehen lerroko erabaki politikoa da Estitxu Eizagirre Argia, 2015/2/19 Elkar ulertzera, horretara gaude behartuta herritarrak bizitzeko. «Politikoa» horrela ere uler daiteke: elkar ulertzea tentsioan jartzen duen guztia. Bi herritarren arteko elkar ulertzea tentsioan jar dezake generoak, jatorriak, hizkuntzak, klase sozialak... Botere harremanak edo norberaren posizioa gakoa dira soka-tira horretan. Betiko galdera: Zer zaude prest familiako bazkaria «bakean» bukatzearren? Iristen da egun bat tragatzen ez duzuna. Zorionak! Horrek esan nahi du «zu» egiten zaituen beste ezaugarri baten kontzientzia hartu duzula. (...) Eta ez tragatzeak esan nahi du baita ere zure burua parean duzun senidearena adina maite duzula. Ez senidea baino gehiago, ez senidearen bizkar, ez senidearen kontra. (...) Elkar ulertzea biren esku dago, ez zure esku (bakarrik). Hortik aurrera senideak armairutik atera berri duzun ezaugarria ikusiko duen, ulertuko duen, onartuko duen, errespetatuko duen... ez dago zure esku. (...) Euskarara etorrita. Elkar ulertzera, horretara gaude behartuta herritarrak bizitzeko. Horretarako oinarrizkoa da besteak hitz egiten duen hizkuntza ulertzea (...) edo ulertzeko jarrera agertzea. (...) Ez duzu bestea zure hizkuntzan hitz egitera behartu nahi, noski. Eta zure burua bai, behartuko duzu bestearen hizkuntzan hitz egitera? (...) Hizkuntza subjektu (politiko) gisa zure ardatzetakoa da? Eguneroko harremanetan erdaraz eraiki duzun «bake»-ak ez du zure zati bat ukatzen, hiltzen?(...) Estatuarekin, autonomia gehiagorekin edo asanbladaka antolatu nahi dugun euskal gizarteak elkar zer hizkuntzatan ulertuko duen erabakitzea lehen lerroko erabaki politikoa da. Erantzun komodoenari helduko diogu (lasai, hizkuntza defendatzearen truke botorik galdu nahi ez duzuen alderdi politikoak!): Bi hizkuntzetan? Ados, orduan garbi izan dezagun bi hizkuntza ofizialak ulertzea irakurtzen jakitea bezain oinarrizkoa dela gizarte honetan integratzeko. Kode zibilak dioenez: «Legeak ez ezagutzeak ez du legeok ez betetzetik desenkusatzen».