GARA Euskal Herriko egunkaria
KRITIKA antzerkia

Kaiolatutako sentimenduak


Amodioaren ziega” Lauka konpainia gaztearen estreinako lana da. Zubi proiektua irabazi ondoren, laukote honek itxaropen handiak sortzen dituen obra bat paratu du. Taularatu duten testua Xabier Mendigurenek idatzia da eta bikote baten vis a vis elkartzea kontatzen du. Oso interesgarria suertatzen da bi pertsonaientzat den obrarekin proposatzen duten lau aktoreentzako jolas dramatikoa: bakoitzaren alde kontrajarriak irudikatzeko, jatorrizko pertsonaiak bikoiztu egiten dira.

Hasiera batean bi bikoteak plano narratibo desberdinetan kokatzen dira. Lehenengoak ekintza nagusia den bisita irudikatzen du barnetik eta, bitartean, kanpoko bikoteak istorio horren oihartzun poetikoa eskaintzen du, Mendigurenen olerki zenbait oinarri hartuta. Istorioan aurrera egin ahala, lau aktoreak ekintza berean elkartzen dira, oso eszena ikusgarri bat lortuta: bi pertsonaien jarduna lau ahotsekin antzeztuz, dimentsio iradokitzaile bat ematen zaio jatorrizko testuari.

Dena den, antzezlanaren alderik indartsuena gurean aski ezaguna den egoera latz bat teatroaren bidez aurkeztea da; alegia, barroteak gaindituz garatu behar den maitasun harremana. Bikote gazte baten sentimenduak estatuaren instituzio gupidagabeek itota erakusten zaizkigu. Amodio gazte horren eta agintearen zapalketa ankerraren arteko kontrastea erdiragarria suertatzen da. Bati baino gehiagori gertuko errealitateak gogoraraziko dizkio, eta oso momentu hunkigarriak eskaintzen ditu lanak.