GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA Etorkizuneko jokalariak

Ilusioa eta ardura, biak bat

Hervias eta Aritz Elustondo pozik daude Moyesek emandako minutuekin, baina ez dute Sanse ahazten.


Azken garaipenarekin lasaitasun apur bat irabazita, aukera polita izan daiteke Liga amaiera hau Realaren etorkizuna margotuko duten harrobiko jokalariei Lehen Mailan jokatzeko aukera emateko. Aritz Elustondo eta Pablo Herviasek une zailetan ere izan dute David Moyesen konfiantza eta egunero entrenatzen dira lehen taldearekin. Dena dela, biek ala biek ondo dakite Sanseko jokalariak direla eta taldea Bigarren B mailan mantentzeak izugarrizko garrantzia duela beraiek bezala talde nagusian jokatzeko ametsa bizi nahi dutenentzat.

«Argi dago gu Sanseko jokalariak garela, eta Moyes entrenatzaileak deitzen gaituen bakoitzean jokatzeko prest izango gara, baina badakigu Sanserekin mailari eusteak zer garrantzi duen eta horretan daukagu burua», azaldu zuen atzelari donostiarrak, Realak web orrialdean plazaratutako elkarrizketan.

Antzera mintzatu zen Pablo Hervias errioxarra ere. «Sanserekin partidak jokatzea tokatuko zaigu eta gustura joango gara. Maila mantentzeko lehia horretan gaude buru-belarri. Eta lehen taldearekin jokatzea tokatzen zaigunean, ez dago aukerak aprobetxatzen saiatzea besterik». Astelehen iluntzean lehen taldearen aurkari izango den Getaferen bigarren taldeari 3-2 irabazita, hamalaugarrenak dira zuri-urdinak, jaitsiera postuetatik bost puntura. Lehia horretan, igande eguerdian oso partida garrantzitsua dute, puntutan pareko duten Fuenlabradaren futbol zelaian.

Esperientzia bikaina

Baina ulertzekoa den bezala, ezin dute lehen taldean aritzeak sortzen dien ilusioa ezkutatu. Moyesek emandako elkarrizketa batean harrobiarekin zenbait zalantza zituela ematen zuen arren, Herviasek eta Aritz Elustondok esker hitzak baino ez dituzte berarentzat, eurekiko erakutsitako konfiantzagatik.

«Oso berri ona da Aritz eta biok izaten ari garen aukera; azken finean, lanak bere fruituak ematen dituela erakusten ari da eta lehen taldeko entrenatzaileak ahalegin hori baloratzea sekulakoa da jauzia eman nahi dugun jokalarientzat», azaldu zuen Pablo Herviasek.

Nekez imajina zezakeen debutatzeko modu hoberik Aritz Elustondok, 40. segundoan bere lehen gola sartu baitzuen, non eta Santiago Bernabeun. Hala ere, partida horrek berak erakutsi zion, minutu batzuk geroago, ikasketa prozesua hasi baino ez dutela egin. «Bigarren B Mailan ere exijentzia maila gogorra da, baina Lehen Mailan aldea izugarria da, entrenamenduetan ere asko antzematen da aldea».

«Lehen Mailan partidetako erritmoa askoz biziagoa da, tentsioa ere izugarria da eta egia da nabaritzen dugula. Baina zortekoak gara, taldekideek aholku onak ematen dizkigute eta dakiguna jokatzeko esan, baita animoak eman ere. Entrenamenduetan eta bidaietan ere elkarbizitza zoragarria da. Oso aldagela ona da», gaineratu zuen Herviasek.

«Taldekide gehienak harrobian hazitakoak dira eta badakite zer bizitzen ari garen, lehenago eurak pasa baitziren antzeko egoera batetik. Aldamenean ditugun guztiengandik dago zer ikasia. Orain gutxira arte Anoetako harmailetatik ikusten genituen eta orain alboan ditugu».

El Coliseum, una plaza con un solo triunfo realista en siete visitas

El Coliseum de Getafe es una plaza complicada para la Real, que solo ha conseguido un triunfo y un empate en las siete visitas realizadas.

Las tres derrotas llegaron en las tres primeras visitas al campo madrileño, la primera en 2005 por 2-0 con goles de Míchel. El único triunfo llegó en 2011, a las órdenes de Martín Lasarte por 0-4, con tantos de Xabi Prieto, Griezmann -cuando besó la ikurriña de la camiseta- y dos de Mikel Aranburu. Tras otros dos años en blanco, los realistas volvieron a puntuar el año pasado, en un partido que Agirretxe puso muy de cara con dos goles para terminar 2-2. J.O.