2015 MAR. 12 Olmeda: «Antzerkiak tabu diren gaiei beste era batera heltzeko aukera ematen digu» Donostiako arte eszenikoen azokak gaur itxiko ditu ateak hurrengo urtera arte baina, oihala jaitsi artean, bada zer ikusi eta ikasia. Pikor konpainiak, esaterako, heriotzari eta doluari begira jarriko ditu nerabeak; Teatro Errante Pinocheten garaian «historiatik kanpo geratu ziren horiez» mintzatuko zaigu; Mlandiskok Jugoslaviako gerra jorratuko du... Guztia, antzerkiak hitzez adierazteko zaila den hori begien aurrean jartzeko balio duela erakusteko. Amalur Artola Antzerkia, adin tarteari dagokionez, bitan zatitzen da: helduei bideratutako antzerkigintza eta haurrei edo familia osoari begira egiten dena. Nerabeentzat apenas egiten den antzezlanik. Zulo horretaz jabetuta ekin zion orain hamabi urte Pikor konpainia gasteiztarrak publiko horri zuzendutako obrak egiteari, eta Donostiako dFeria arte eszenikoen azokan aurkeztuko du gaur bere azken lana, “Jauzi hirukoitza”. «Nerabeentzat ez da programatzen eta antzerkia oso baliagarria izan daiteke beraientzat; gai zehatz batzuen aurrean gazteak itxi egiten dira, eta antzerkiak tabutzat ditugun gai horiei beste era batera heltzeko aukera ematen digu», ziurtatu zuen obraren zuzendari Miguel Olmedak aurkezpenean. Orain artean, esaterako, genero biolentzia, drogak edota eskola jazarpena gisako gaiak landu dituzte eta, antzezlanaz gain, gaia ikasgeletan landu ahal izateko material didaktikoa ere eskaintzen dute. “Jauzi hirukoitza”-n ere gai konplexu bati heltzen diote: heriotza eta dolua. Obran gazte bat trenak harrapatuta zenduko da eta ikaskideak abailduta geratuko dira, eskolara kale egiten hasi eta samina eta gorrotoa pairatuko dituzte. Irakasleek, aldiz, egoerari aurre egiteko baliabide eta tresnarik gabe ikusiko dute beren burua. «Gurasook ez dugu sekula gure seme-alabek sufri dezaten nahi eta babestu egiten ditugu era guztietako galeren aurrean», azaldu zuen Olmedok, eta antzezlanean «galeraren forma ezberdinez» ari direla nabarmendu zuen: «Aldaketa garai horretan haurtzaroa uztea bera da mingarria, maitasunean porrotak izaten dira, gurasoak banandu daitezke, herriz eta lagunez aldarazi... Eta ez dugu ahaztu behar adin horretan bere buruaz beste egiten duenik ere badela. Hitz egiten hastea da galera eta porrot egoera horiei aurrea hartu ahal izateko baliabide eta gaitasunak eskuratzeko lehen urratsa», ziurtatu zuen. “Jauzi hirukoitza” gaur 10.00etan emango dute gaztelaniaz eta 12.00etan euskaraz, Lugaritzen. Jugoslavia zaharra Eslovakiako Theatre Mlandiskok, bestalde, Jugoslavia zenaren ereserkiko azken esaldia erabili du gaur Victoria Eugenian (20.30ean, euskaraz eta gaztelaniaz goititulatuta) taularatuko duen lana izendatzeko: “¡Maldito sea el traidor a su patria!”. Konpainiako kide Tomaz Toporisic-ek azaldu zuenez, lanak Jugoslaviako gerra oinarri hartuta «mugen gaineko galdera unibertsalak» plazaratzen ditu: askatasun artistiko eta sozialen muga, norberaren eta gizartearen erantzukizunen artekoa, eta tolerantzia eta estereotipoen artekoa. «Zaila da antzezlanaren oinarria zehaztea. Kolapsoaren amaieraz eta identitate berri baten beharraz ari da. Tartean umorea du, baita elementu garratzak ere, eta tiro asko. Bada eszenatokian bertan hiltzen den antzezlerik ere», iragarri zuen. Intxaurrondon, IlMaquinario Teatro Galiziako konpainia gazteak “El hombre almohada” taularatuko du 11.30ean. Antzezlanean, idazle batek bere ipuin makabroak errealitate bilakatzen ari direla ikusiko du eta galdera bat sortuko zaio: zein puntutaraino da bera gertatzen ari denaren erantzule? «Haurren ipuinen gainean bigarren begirada bat egin nahi genuen, ilunak eta aldi berean samurrak direlako. Ahozkotasunaren aldeko apustua ere egin nahi izan dugu eta, hala, ipuin batzuk kontatu egiten ditugu zuzenean. Beste batzuk, noski, antzeztu», azaldu zuen Tito Asorey zuzendariak. Obrak Martin McDonagh irlandarraren testua du oinarri eta Galizian bi urte daramatza ikusgai. Gaztelaniazko bertsioa iaz aurkeztu zuten, eta hori da gaur Donostian ikusi ahalko dena. Larunbatean, aldiz, antzezlana Basaurin emango dute, eta igandean, Durangon. Txiletik, Teatro Errantek “Yo maté a Pinochet” proposamen interesgarria dakar. «Amets herrikoi bategatik izendatu genuen hala obra», argitu zuen Cristian Flores antzezleak, «baina funtsean belaunaldi batek hartu zituen erabaki politikoen porrota dugu hizpide». Bakarkako antzezlan honetan protagonistak, taberna batean sartu, eta «borrokan lagun izan zituenekin» egingo du topo, «historian lekua izan ez dutenekin, biolentzia pairatu zutenekin». Lana 17.30ean eskainiko dute, Victoria Eugeniako Klubean. Eta antzerki politikotik dantza munduko fusiora eramango gaitu gaur Compañía Choni Flamencaren “Compás de espera”-k. Taula gainean zerbaiten zain dagoen emakume bat (Asuncion Perez Choni, dantzaria) eta aulki bat soilik daudela, tradiziozko flamenkotik abiatuta dantza garaikiderako eta fusio ezberdinetarako proposamena eskainiko du Perezek. «Nire lan intimoena da. Berriro jaiotzea irudikatzen du, begiak zabaltzea, koadroa desegin eta berriro mihise zuriaren aurrean paratzea da». Ikuskizuna 19.00ean eskainiko dute, Antzoki Zaharrean. Dantzarekin jarraituz, aipatzekoa da Pabiloi 6n sortutako “Cabaret Chihuahua” lana atzo eman zutela dFeria barnean. Izenak dioen moduan, kabaret baten osagai guztiak dituen ikuskizuna da, «kritika, umorea, dantza... guztia azken hamarkadako kontu txar guztiei aurre egiteko asmoz», azaldu zuen Quique Gago antzezleak. Lanaren abiapuntua Durangon istripu batean zendu eta «beste munduan» aipatu kabaretera joatea egokitzen zaion mutil bat da. Han Cantinflas, Marilyn Monroe, Sabino Arana edota Amy Whinehouse gisako pertsonaiekin egingo du topo eta, guztien artean, azken hamarkadan gertatutako hainbat konturen bueltan ibiliko dira. Donostia utzita asteburu honetan Madrilen izango da antzezlana: «Aste Santura bitartean gutxienez Nueva Alcala antzokian izango gara. Guretzat, Pabiloi 6 bezalako espazio batean sortutako proposamenek beren bidea egiten dutela ikustea pozgarria da benetan», amaitu zuen Gagok.