2015 MAR. 15 Bat, bi, hiru eta lau... lau txori, baina euskaldun Martxoaren 17tik 22ra egingo da «Bi harriz lau xori» jaialdia Biarritzen eta hitzorduak euskarazko sorkuntza lanekin jantziko ditu bertoko karrikak. «Loreak» filma, Fermin Muguruzaren «Black is Beltza», «Arrastoak» antzerki lana eta «Txoriak» dantza emanaldia dira jaialdiaren ardatz. Jon GARMENDIA BAIONA Txoriek bezain libre ibili behar luke euskarak bazter guztietan, are, bere lurrak diren haietan, baina, tamalez, kontra eginiko legeak ez direnean zailtasun linguistikoak aurkitzen ditu parean, hau da, biztanleriaren portzentaje ttipi batek baino ez duela behar adinako ezagutzarik adibidez, eta, horrekin, erabilgarritasuna eta indartzea ezinezkoak bilakatzen dira. Halako zerbait gertatzen da Biarritzen, eta euskarari bultzada eman nahian espresio artistikoak baliatzen dituen urteroko jaialdia ate joka dabil berriro, «Bi harriz lau xori», kultur emanaldi interesgarriak maite dituztenentzat huts egin ezinezko hitzordua bilakatu dena. Aurten 21. urtea beteko du jaialdiak, eta urterik urte eskaintza indartuz doala baieztatu digu Muriel Etchenic Biarritz Culture talde antolatzaileko kideak. «Biziki garrantzitsua iruditzen zaigu jaialdiak leku bat ukaitea Biarritzeko kultur eskaintzaren barnean, euskarazko sorkuntzak direlako jaialdian biltzen direnak. Bestalde, gure xedea leiho bat zabaltzea da, lehenik eta behin, handik begira jarri eta Euskal Herrian kultur mailan gertatzen ari dena ikusteko, eta, gero, proposamen artistiko interesgarrienak Biarritzera ekartzeko. Hori horrela, leiho hori herritarrentzat zabaltzea da gure xede azkena», adierazi du. Bost egunez, beraz, martxoaren 17tik 22ra bitarte, sorkuntza eta berrikuntza anitz atzemango ditu publikoak Biarritzen. «Berrikuntzak xerkatzen ditugu, adibidez, antzerkiaren inguruan sare bat sortu dugu, dinamika bat sortzeko intentzioarekin, antzerkiari gurpila emango diona, ohitura batzuk sorrarazi nahi dizkiogu publikoari, eta, aldi berean, kalitatea eskaini, iaz `Hamlet' lanarekin hasi ginen eta aurten `Arrastoak' izango da hariari jarraipena emateko», agertu du. Zinema, dantza, musika... Aurtengo edizioa asteartean hasiko da, martxoaren 17an, justuki, Korrika Nafarroa Behereko Alduden hasi baino bi egun lehenago, hargatik, korrika kulturalaren barnean antolatu da «Loreak» filmaren proiekzioa, Royal zineman izango dena, 21:00ean. Asteazkenean, martxoak 18an, Dejabu Panpin Laborategiaren «Arrastoak» antzerkia eskainiko da Colisee zineman, 20:30ean. Egun bat berantago toki berean eta ordu berean aurkeztuko da «Black is Beltza», Fermin Muguruza eta Harkaitz Canoren presentziarekin. «Komiki batera gerturatzeko manera ezberdin bat izango da; irakurketa proiektatua izango da, eleberri grafikoko biñeten mugimenduaren bidez, eta jatorrizko soinu bandarekin. Hemen ez dugu halakorik inoiz ikusi», azpimarratu digu Muriel Etchenicek. Irungo artista handiak, aldiz, honakoa adierazi zigun: «Angulemako komiki jaialdirako frantsesez aurkeztu genuen `Black is Beltza', orain banatzaile bat atzeman dugu frantsesez hitz egiten den leku batzuetara iristeko, eta Luxenburgon, Quebecen eta Estatu frantsesean eskuratu ahalko da gure lana. Bestalde, Biarritzen euskaraz aurkeztuko dugu, nahiz eta irudiek hizkuntza unibertsala duten». Diskriminazio positiboa eragin eta frantses publikoari erakarpen keinu bat egin nahi balio bezala aipatu zuen azken hori Ferminek. Martxoaren 20an Atabaleko agertokian musikak hartuko du protagonismoa, 21:00ean Napoka Iria talde gipuzkoarra ikusteko parada izanen baita. Miren Narbaiza eta Ander Mujikak osatutako taldeak bere lekua egin du agertoki musikalean proposamen ausart bati esker, eta Biarritzekoa izango da haiek zuzenean ikusteko azken aukera aurtengoan. Gau horretan Maliko Kasse Mady Diabate handia izango dute agertokiko lagun, beraz, Afrikako musikaren koloreak festan bildurik. «Bi harriz lau xori» jaialdia martxoak 22an amaituko da. Hain zuzen ere, Mikel Laboa abeslariaren unibertsoa ardatz duen «Txoriak» dantza ikuskizunak emango dio amaiera jaialdiari. Ikuskizuna Bellevue plazan eskainiko da, 16:00ean. MUGURUZA. «Angulemako komiko jaialdirako frantsesez aurkeztu genuen `Black is Beltza' eta orain frantsesez hitz egiten den leku batzuetan banatuko da, Luxenburgon, Quebecen eta Estatu frantsesean», adierazi du Fermin Muguruzak.