GARA Euskal Herriko egunkaria

Mugarik gabe online egoteko, wifi sarerik handiena ireki du Euskaltelek

128.400 sarbide puntu zabaldu ditu konpainiak zuntz optiko sareak estaldura duen euskal geografian. «Bizitza kalean gertatzen» dela sinetsita, eta erabiltzaileek nonahi eta noiznahi konektatu nahi dutela ikusita, bezeroek mugarik gabe egin ahal izango dute aurrerantzean.


Melodia gogoraerrazaz, duela urte batzuk «Online nago» lelopean -nork ez du oroitzen?- Euskaltelek abiarazi zuen kanpaina hark, gaur, etorkizunaren iragarpena dirudi, izan ere, atzoz geroztik, konpainiak 128.400 wifi sarbide puntu zabaldu ditu EAE osoan, bezeroentzat. «Bizitza kalean gertatzen» dela sinetsita, eta gaur egun «nonahi eta noiznahi» konektatzen garela ikusita, eskaera ase nahi duen aurrerapausoa eman du Euskaltelek.

Zerbitzu berriak Euskaltel Wifi du izena eta Euskaltelen zuntz optiko sareak estaldura duen euskal geografian erabili ahal izango da. Nafarroan, beraz, momentuz ez. «Hogei urte daramagu kableak lurperatzen eta, orain, bertatik ateratzeko ordua heldu da», adierazi zuen Fernando Ojeda zuzendari nagusiak atzo, Donostian egindako aurkezpenean. Instalazio berririk ez dela egin esan zuen, horregatik ez dago orain arte zeudenak baino antena gehiago. «Sare publiko berri bat eta banda zabalera gehigarri bat konfiguratuta, kalean konektatzen diren bezeroek edozein gailu mugikorretatik nabigatu ahal izango dute modu seguruan eta mugarik gabe», argitu zuen Koldo Unanue marketin zuzendariak.

Hain zuzen, horiek dira ezaugarri erakargarrienetakoak, izan ere, kalean konektatu ahal izanda, mugikorrean bakoitzak hilean kontratatuta duen gaitasuna agortu gabe erabili ahal izango du Internet. Abiadura bost eta zazpi mega artekoa izango da -une berean wifi sarbide berean dauden erabiltzaileen arabera-, eta denbora aldetik eta deskarga aldetik ez da mugarik izango.

Erabili ahal izateko

Atzoko kanpainaren aurkezpenarekin, irekitzat eman ziren sarbide guztiak. Aurreko asteetan Beasain, Arrasate, Ordizia eta Lazkaon jarri zuten martxan proiektua eta harrera oso ona izan duela aitortu zuen Unanuek.

Estimatzen diren 400.000 bezeroek baino gehiagok zerbitzu hau erabili ahal izateko, Euskaltel Wifi deitutako doako aplikazioa deskargatu beharko dute. Mugikor zenbakia sartu ondoren, SMS bidez Euskaltelek kode bat igorriko dio, pasahitz gisa. Nahikoa da aparailua behin konfiguratzea; handik aurrera wifi sarbidea dagoen leku batean dagoenean, gailua automatikoki konektatuko da -betiere wifia aktibatuta badago-.

Sakelakoa Euskaltelekin duten bezeroek, baina ez ordea etxeko Interneta -auzo horretan zuntz optikorik ez dagoelako-, hauek ere izango dute kalean wifi zerbitzuaz gozatzeko aukera.

Era berean, Wifi Open sarea diseinatu du Euskaltelek, bereziki ostalaritza eta bestelako establezimenduentzat pentsatutakoa. Zerbitzua bera izango da, baina kalean beharrean, negozioen barnean. Gaur egun hainbat motatako lokaletan eskaintzen diren konexioetatik «segurtasunean» ezberdintzen da honakoa, Unanueren hitzetan. Gainera, Euskaltelen bezero ez direnek ere doan nabigatzeko aukera izango dute -15 minutuz lokal bakoitzean-.

Begi bistakoa da wifia ez dela, dagoeneko, etxeetara mugatzen den zerbait. Atzo emandako datuen arabera, gaur egun, 13 eta 24 urte bitarteko erabiltzaileen %55ek egunean gutxienez 4 orduz erabiltzen dute Internet mugikorraren bidez, eta gehienek aisialdiarekin lotzen dute nabigatzea.