GARA Euskal Herriko egunkaria

Aralarko bideen auzian ikertutako udal ordezkariak, «babesgabe»

Aralarko Parke Naturaleko Enirio eta Igaratza arteko bidea egokitzearen alde agertzeagatik Eguzki eta Landarlan talde ekologistek euren aurkako salaketa jarri ostean, auzipetuta daude Arama, Altzaga, Beasain, Amezketa, Lazkao, Abaltzisketa eta Ordiziako zazpi udal ordezkari. «Babesgabe» sentitzen direla salatu zuten atzo Donostian eginiko agerraldian.


Eguzki eta Landarlan talde ekologistek bide penaletik salatu zituzten Enirio-Aralarko Mankomunitatean Enirio eta Igaratza arteko mendi bidea egokitzearen alde agertu ziren zazpi udal ordezkariak, ingurugiroaren eta lurralde antolaketaren aurkako delitua leporatuta. Kontserbazio Bereziko Eremu eta Batasuneko garrantzizko leku gisa izendatuta dago Aralarko Parke Naturala, eta horrelako gune batean mendi bide bat birmoldatzea hirigintza eta ingurugiro arloko lege guztien aurkakoa da ekologistentzat. Gainera, Aralarko Natura Baliabideak Antolatzeko Planak debekatu egiten du lurraren birmoldatze oro.

Gauzak horrela, Enirio eta Igaratza arteko bidea egokitzea onartu zuten Mankomunitateko zazpi udal ordezkariak Tolosako epaitegira joan beharko dira urtarrilean auzipetu gisa. Aloña Urretabizkaia (Arama), Iñigo Olano (Altzaga), Elena Ruiz (Beasain), Ainhoa Zuriarrain (Amezketa), Aitor Altuna (Lazkao), Jon Zubizarreta (Abaltzisketa) eta Jose Miguel Santamaria (Ordizia) dira auzipetuok. Atzo prentsaurrekoa eskaini zuten Donostiako Kursaal jauregian «babesgabe» sentitzen direla ohartarazteko.

Nabarmendu zutenez, laguntza eske jo dute Mankomunitateko presidentearengana –Adur Ezenarro Ordiziako alkatea (EH Bildu)– baina ez dute erantzunik jaso. Auzipetuek eskatzen diote defentsa juridikoaren kostuak Mankomunitateak har ditzala bere gain, «honen baitan demokratikoki hartutako erabakiak izan baitira auzitara eraman gaituztenak». Erantzunik jaso ez izana leporatu zioten presidenteari eta isiltasuna «defizit demokratiko larria» dela gaineratu zuten. Mankomunitatea osatzen duten hamabost udaletara posta elektronikoz zuzendu dela badakitela ere esan zuten.

Enirio eta Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egitearen aldeko boza eman zuten auzipetuen arabera, «aurrez Enirio Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Aldundiak onartutako plan batean oinarrituta» egin zuten.

Artzain eta abeltzainen babesa

Agerraldian ziurtatu zutenez, prozesu administratibo osoan ez da kontrako txosten juridiko edo teknikorik izan. Auzipetuen arabera, Aranzadi Zientzia Elkarteak 2002an eginikoak –2017an Batzar Nagusietako agerraldian berretsitakoak– ez du loturarik auzi honekin. Lanek «natura eta gizakiaren arteko oreka suntsituko» luketela ondorioztatu zuen Aranzadik. Aldundia ez zen oinarritu txosten honetan.

Mendi bidea egokitzearen xedea artzain eta abeltzainen lana erraztea dela arrazoitzen dute auzipetuek. EHNE Gipuzkoa, Enba eta Aralarko Baserritarren Elkarteak beraien babesa agertu zieten atzo. Jarduneko Mankomunitateak, bere aldetik, Aholkularitza Batzordea izan zuen urrian, Parke Naturalaren babesa eta abeltzainen lana uztar dezakeen plana herri bileren bitartez osatzea xede.