2019 ABEN. 31 Euskal Elkargoaren itxura aldatuko duten bozak Martxoaren 15 eta 22an iraganen diren hauteskundeen bidez udalak berritu eta horiek Ipar Euskal Herriko erakundean izanen dituzten ordezkariak hautatuko dituzte Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko hautesleek M.U.B. 2020an hauteskundeak izanen dira Estatu frantsesean bezala baita Ipar Euskal Herrian ere. Hexagonoan, Emmanuel Macron frantses presidenteak 2017an eskuratu zuen botere erraldoia higatu ote den neurtzeko balio behar luke erakunde sistemaren «beheko solairuari» dagokion hauteskunde prozesuak. Ipar Euskal Herrian, ordea, urrutiko intxaurrak zenbatzeko baino gehiago, hurbileko erronkak irudikatzeko izanen dira martxoaren 15ean eta 22an eginen dituzten bozak. Izan ere, tokiko ordezkariak hautatzeko prozesu horrek 2017ko urtarrilaren 1ean eratu zen Euskal Hirigune Elkargoa itxuraldatuko du, bide batez. Hala, zeharkako bigarren hautaketa dela esan daiteke. Elkargoko eledunak ez dira sufragio unibertsalaren bidez aukeratuko, baina Ipar Euskal Herriko udal guztiak lurralde erakundean ordezkatuta daudenez, udal gobernuak osatuko dituzten hautetsiak izendatzeko prozedurak aldatu eginen du Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundearen osaketa. Hain zuzen, Euskal Elkargoko burua izateaz gain Baionako auzapeza den agintari zentristak ez du oraindik guztiz zehaztu bozetara begira zer asmo duen. Etchegaray isil, Veunac larri Iragan irailean Etchegaray hautagai izendatu zuen UDI alderdi txikiak, baita Biarrizko auzapezorde gisa jardun duen Nathalie Motsch ere. Bigarrenak aspalditik ekin zion kanpainaurreari kostako hirian. 2014an Henri Etcheto hautagai sozialistaren aurrean 26 bozengatik gailendu zen Etchegarayk, ordea, diskrezioz jokatu du. Gauzak horrela, ezker-eskuin, hautagaitzak aurkeztu badira ere, benetako kanpaina giroa oraindik ez da piztu Baionan. Biarritzen, ordea, gerra harrabotsak entzun dira. Michel Veunac (MoDem) auzapeza buru duen udal gobernua pitzaduraz beterik dago aspalditik. Delako Hotel du Palais-en kudeaketa, delako Biarritz Olimpyque (BO) errugbi taldearen agonia, diru eta botere kontuek guztiz ozpindu dute giroa, udal bilkura amaigabe bezain gatazkatsuak eguneroko ogi bilakatu arte. Zenbat zerrenda izanen dira finean Biarritzen? Auskalo. G7aren karietara Macronekin eta bere gobernukideekin aise azaldu zen Michel Veunac (74 urte) kargua berritzeko hautagai gisa aurkeztu, bai, baina estatu idazkari bat, Jean-Baptiste Lemoine, bere zerrendan sartuta ere ez du LREM alderdiaren inbestidura lortu. Izendapen zain dago, halaber, konplexurik gabe paraxutista gisa jokatzeko prest dagoen Didier Guillaume Nekazaritza ministroa. Horiek horrela, Parisen erabakiko dira, beste behin, Biarrizko aferak. Giro lasaiagoa atzeman du bigarren agintaldia lortzeko asmoa baieztatu duen Claude Olive Angeluko alkate eskuindarrak. Mauleko auzapez den Mixel Etchebestek ez du azken hitza esan. Azkenean, Donibane Garazin, Alfontso Idiarten makila eskuratzeko nahikaria agertu du zuhaitz zahar baten adaxka gaztea den Laurent Inchauspek.