GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

Tentsiorik eza gehiegi nabaritu da Altsasuko partida bizian

Elordik eta Zabaletak 13-22 menderatu dituzte Jaka eta Iztueta Burunda pilotalekuan, jokoan ohorea baino ez zegoela. Irabazleak sasoi ederrean iritsiko dira finalerdietara; galtzaileek lehen «finala» jokatuko dute ostiralean Zornotzan.

Aitor Elordi, sakea ateratzen, atzo, Altsasuko Burunda pilotalekuan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Elordik eta Zabaletak garaipen argi batekin itxi zuten atzo Binakako Txapelketako lehen ligaxka. Altsasuko Burunda pilotalekuan 13-22 menderatu zituzten Jaka eta Iztueta. Emaitzak ez zuen ondoriorik sailkapenean: irabazleak jada sailkatuta zeuden finalerdietarako eta galtzaileek bazekiten ezin zutela inolaz ere lau onenen artean sartu.

Egoerak nabarmen baldintzatu zuen neurketari aurre egiteko modua, batez ere Jaka eta Iztuetaren kasuan. Finalerdietan sartu nahi badute, gipuzkoarrek bi norgehiagoka irabazi beharko dituzte 48 ordu baino gutxiagoan, eta horretarako ezinbestekoa zen datorren ostiralera fresko eta minik hartu gabe iristea. Erik Jakak abisatu zuen partida aurreko adierazpenetan joko alaia egiten saiatuko zirela, dema gehiegi luzatu gabe.

Elordi eta Zabaletarentzat ere garrantzitsua zen minik ez hartzea, noski, baina egia da behin sailkapena lortuta, aste pare bat izango dituztela finalerdi horiek lasai eta patxadaz prestatzeko.

ALAI, URDINAK

Tentsiorik ezean, emozioa eta ikuskizuna eskatzen zuen pilotazaleak, baina emoziorik ez zen izan markagailuan eta ikuskizuna ere ez gehiegi kantxan. Gorriak 2-0 aurreratu ziren, Jakaren sake bati eta txokoan bizi luzatutako pilota bati esker. Bigarren tanto hori ikusita bazirudien aurrelari lizartzarraren erremate sorta eder bat etor zitekeela, baina ez zen hala izan.

Jakari behera joan zitzaion horma-biko bati esker hartu zuten sakea urdinek, eta sei tanto egin zituzten jarraian, markagailua 2-6 iraultzeko. Aitor Elordik sekulako etorria erakutsi zuen hasiera horretan eta bi sakerekin batera hiru erremate on sinatu zituen.

Zabaletaren huts batek eman zien aukera gorriei erantzuteko, baina ez zen horrelakorik gertatu. Jaka baldar antzean ibili zen jokaldi baten ostean, urdinek bizi-bizi segitu zuten tantoak pilatzen eta markagailuko tartea 3-12ra handitu zuten. Mallabitarrak asko asmatzen jarraitu zuen aurrean, erasorako defentsarako baino askoz ere hobea den pilotalekuan. Datu bat: lehen 15 tantoetan 96 pilotakada besterik ez zituzten jo protagonistek.

«Uste dut partidaren gakoa hasieran egon dela. Pilotaleku hau oso azkarra da; erasoan min egiten da eta defentsan aritzeko oso zaila da, eta hasiera horretan gu hobeto sartu gara neurketan. Alde handia hartu dugu eta uste dut horrek asko markatu duela jokoa», esan zuen Elordik norgehiagoka amaierako adierazpenetan.

Baina Elordik bakarrik ez; Jose Javier Zabaletak ere neurketa oso txukuna jokatu zuen Altsasun. Zenbait gorabehera izan ostean, badirudi Etxarrengo atzelaria bere maila onenera gerturatzen ari dela, eta horrela jarraitzen badu, berriz ere txapelen lehian egoteko hautagaitza aurkeztua izango du. Zabaletaren biktima Iztueta izan zen, eta beste partzial batekin 4-17ra joan ziren Aspeko pilotariak.

«Esan dut aurreko asteetan ere. Une onean gaudela uste dut. Gustura jokatzen, ongi entrenatzen. Txapelketa luzea da, oraindik asko falta da, eta horrela segitu behar dugu», eskatu zuen, bestetik, Zabaletak ETBko kameren aurrean -atzo frontoian egiten zuen hotz handia ere partida horren azkarra ikustearen gakoen artean sartu zuen-.

AMAIERA HOBEA

Argi zegoen garaipena urdinentzat izango zela, baina azken txanpan Jakak eta Iztuetak sinatu zituzten tanto on batzuk. 10-18koa Jakak egin zuen aurrean, adibidez, eta Iztuetak bi pilota sartu zituen errebotean bata bestearen atzetik. Egia da pilota oso biziak erabili zituztela, lur azkarra duen pilotalekuan baina, hala ere, txundigarriak izan ziren tolosarraren pilotakadak.

Argudio horiei heldu beharko diete play-offetako partidetan. Lehen hitzordua, esan bezala, ostiral gauean izango dute Zornotzan. Pentsatzekoa da Mariezkurrenak ezingo duela jokatu eta Eskirozek hartuko duela haren lekua. Hala baldin bada, faborito aterako dira Jaka eta Iztueta, eta hor hasi beharko dute finalerdietan lekutxo bat merezi dutela erakusten.