Gaur8

«Urriaren 1eko giroa sumatzen da Bartzelonan»

Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiak berehalako erantzuna jaso zuen kalean. Ebazpena goizean jakin eta gutxira, Katalunia hartu zuten protestek, Bartzelonako kalerik zabalenetako sarrerak itxi zituzten herritarrek, hiria kolapsatu, Prateko aireportua geldiarazi, Auzitegi Nazionalak ebatzitako orotara 100 urteko espetxe zigorrak –asko harritu ez arren– mugituta.

Polizia manifestarien aurka oldartuta, epaiaren aurkako protesta batean (Pau BARRENA/AFP)
Polizia manifestarien aurka oldartuta, epaiaren aurkako protesta batean (Pau BARRENA/AFP)

Astelehen eguerdian Bartzelonako karriketan zeudenek ez zekiten, oraino, Llarena epaileak Carles Puigdemonten aurkako euroagindua berriro aktibatuko zuela, ezta arratsalde-iluntze partean Prateko aireportuko protestek hiru atxilotu eta 131 zauritu utziko zituztela, Poliziaren foam jaurtikarien ondorioz.

Baina tentsioa agerikoa zen epaia jakin eta ordu gutxira. «Bete-bete eginda dago [Catalunya] plaza eta eguerdiko ordubatak dira oraindik», zioen Miren Azpiri ondarrutarrak Bartzelonatik.

Katalunian bizi diren euskal herritar ugari ari dira bizitzen independentismoaren aurkako epaiak sorrarazi duen oldarraldia. Gertatuko zenaren berri izan gabe, elkarretaratze inprobisatuak ikusten zituzten bitartean eta Tsunami Democràtic-ek Telegram bidez bidaliko zuenari adi zirela, NAIZ IRRATIAri kontatu zioten ikusten zutena; itxuraz luze iraungo duen protesta ziklo baten hasiera.

Mobilizatzeko gaitasuna

«Nolabait urriaren 1eko giroa sumatzen da, helikoptero pare bat daude Bartzelonako zerutik bueltaka», nabarmendu zuen Euskal Etxeko Joseba Landak. Tsunami Democràtik plataformak ordubete lehenago deitzen ditu protestak, segurtasunagatik eta Estatuko botereei erantzuteko denbora lapurtzeko eta, hala ere, «demostratu da berriro ere badagoela inprobisatuz mobilizatzeko gaitasuna», Landaren iritziz. «Sententzia atera eta mobilizatzeko prest zegoen mundu guztia», kontatu zuen.

Euskal Etxearen kasuan, testuingurua ikusita, 'Euskal Herria Sona' jaialdia bertan behera uztea erabaki dute.

«Momentu honetan, Bartzelona kolapsatuta dago, etorbide handiak ere itxita daude», azaltzen zuen Ekaitz Garatek. Sentimenduen «nahasketa» bat antzematen zuen giroan: «Jende askok esaten zuen agian ez zituela espero hainbeste urteko zigorrak, oso gogorrak direla, eta badago amorru, haserre eta tristura sentsazio bat».

Eta Garatek ez zekien 110 hegaldi bertan behera uztea eragingo zutela protestek, ezta Aena konpainiak balorea galduko zuela burtsan, ez eta manifestarietako batek begia galduko zuela ziur aski gomazko pilota baten kolpeagatik, baina ohartarazi zuen: «Jendea aireportura bidean dago».