@mtxintxurreta

Adimen artifiziala darabilen lehen itzultzaile automatikoa aurkeztu du Lakuak

Lakuak eta Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sareak elkarlanean garatutako Itzultzaile Automatiko Neuronala aurkeztu dute Bingen Zupiria eta Josu Erkoreka sailburuek. Adimen artifizialaren bidez funtzionatzen duen itzultzailea da eta giza garunaren pareko funtzionatzen du.

Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria sailburuak, Itzultzaile Automatiko Neuronalaren aurkezpenean (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Josu Erkoreka eta Bingen Zupiria sailburuak, Itzultzaile Automatiko Neuronalaren aurkezpenean (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Itzultzaile Automatiko Neuronala, Adimen artifizialaren (AA) bidez funtzionatzen duen euskal Administrazioaren lehen tresna praktikoa aurkeztu dute asteazken eguerdian Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikakoak.

Gasteizko Gobernuak Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sarearekin elkarlanean gartutako proiektua da aurkeztu berri dutena. Itzultzaile honen beta bertsioa, publikoa eta doakoa, Lakuaren webgunean erabilgarri dago jada eta, Zupiriak iragarri duenez, behin-betiko bertsioa «hilabete gutxi barru» izango dute prest.

Gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania itzulpenak egiten dituen AA honek, sailburuek argitu dutenez, «giza garunaren funtzionamendu» berbera darabil, sare neuronaletan oinarritzen baitu bere lana. Hala, makinak etengabe ikasteko gaitasuna dauka testu gordinak itzultzeko eskatu ahala, eta Zupiriak ziurtatu du orain arte erabili izan diren itzultzaile automatikoak –AAik erabiltzen ez dutenak– baino testu «koherenteago eta naturalagoak» lortzen dituela Itzultzaile Automatiko Neuronalak.

Hori bai, gehienez ere 4.000 karaktereko testuak itzultzeko gaitasuna dauka, nahiz eta, behar beste aldiz erabili daitekeen.

Tresna honekin Lakuak bilatzen duen helburua «ingurune digitalean euskararen presentzia» ziurtatzea da Bingen Zupiriaren hitzetan eta erabilgarria izango da elebitan lan egiten duten pertsonentzat, haientzako «lanabes» izango baita, laguntza bat, «inola ere» itzultzaileak ordeztuko dituen makina bat.

Teknologia berria da Adimen Artifizialarena, lau urte dira inteligentzia hau itzultzaile automatikoetan aplikatzen hasi direla, areago, munduan AA aplikatu den erdietan baino gehiego hizkuntzekin lotutako industrietan izan da. Horrela, AAren aplikazioak itzulpengintzan «salto kualitatibo itzela» eragin du Zupiriaren ustez.

Datu-basea

Orain arte erabili izan diren itzultzaile automatikoak hiru tipologiatan banatzen direla azaldu du: gramatikan eta analisiaren transferentzian oinarritzen direnak, estatistikan oinarritzen direnak eta hibridoak, bien arteko konbinazioaren bitartez funtzionatzen dutenak. Egun arte, Lakuak lehenengo motako itzultzaileen alde egin du, baina testu laburrak itzultzeko ahalmena bakarrik daukate. Itzultzaile Automatiko Neuronalak, berriz, testu luzeak onartzen ditu. Hala ere, Zupiriak ohartarazi duenez, testuok «beti behar dute gainbegiraketa eta zuzenketa bat, akatsak ere baditu eta. Laguntza tresna bezala erabili behar da».

Itzultzaile molde honek, behar bezala funtzionatzeko, datu-base terminologiko eta linguistiko ahalik eta zabalena behar du, makinak adibide ugari izan dezan kasuistika ugari prozesatzeko. Josu Erkorekak nabarmendu du Lakua 40 urtez aritu dela datu-base hori osatzen, eta azkenerako, itzulitako eta errepasatutako 10 milioi segmentuz zein bestelako memoria datuez osatutako oinarri bat ondu dute. «Urte askotako lanari esker, munduan gehien hitz egiten den hizkuntzen pareko datu base terminologiko eta linguistiko bat dugu. Oinarri oso ona genuen eta algoritmo bikain bat topatu dugu», esan du.

Hala ere, erantsi dute hau «abiapuntu» bat besterik ez dela eta ikusteko dagoela etorkizunean izango duen garapena. «Gure gizarteak ez du imajinatzen bere etorkizuna hizkuntza bakar batean. Gaur aurkezten dugun tresnak proiektu berriak garatzen lagunduko duela uste dugu», esan du Zupiriak.