Maddi TXINTXURRETA

Egia auzoko historia grafikoa bildu dute Gordegia webgunean

Iragan ostiralean aurkeztu zuten eta jada martxan dago Gordegia Egiako Artxibategi Grafikoa. Donostiako Egia auzoko antzinako argazkiak jasotzen ditu; oraingoz, 2.000 daude sarean eta beste 10.000 dokumentazio prozesuan.

Tabakalerako "Egiatik" bildumatik hartutako argazkia, auzoaren antzinako paisaia erakusten duena (Arg: Gordegia)
Tabakalerako "Egiatik" bildumatik hartutako argazkia, auzoaren antzinako paisaia erakusten duena (Arg: Gordegia)

Gordegia Egiako Artxibategi Grafikoak Donostiako Egia auzoari buruzko irudiak batu, dokumentatu, segurtasunez gorde eta auzokide guztien eskura jarri asmo ditu. Ekonomia sozialeko Teila Fabrikak babestu du proiektua, eta urriaren 25ean aurkeztu zuten Egiako Kultur Etxean, 130 auzokideren aurrean.

Momentuz, 200 bilduma, 2.000 argazki eta 30 bideo jaso dituzte webgunean. Irudiak auzokideek edo auzoko eragileek emandakoak, Kutxateka bildumatik aukeratutakoak eta Tabakalerak 2008an “Egiatik” izeneko erakusketatik hartutakoak. «Tabakalerako erakusketatik 2.000 argazki inguru hartu ditugu. Garai horretan, erakusketa hori gauzatu ahal izateko, bilketa lan oso polit bat egin zuten auzokideen artean, eta. Tabakaleraren bitartez digitalizatutako irudi horiek eskuratu genituen», azaldu du Arkaitz Artolak, Gordegiaren sortzaileetako batek.

Gordelaguna

Webgunean argazki gehiago saretzeko asmoa daukate, eta auzotarrei gordeta dituzten argazkiak partekatzeko dei egin diete. Argazkiak bidali ahal izateko, bi bide daude: bata, webgunearen bitartez eta bestea, zuzeneko kontaktuaren bidez, argazki fisikoak dituztenentzat batik bat. Horretarako, azaroko asteartetan, 17.00etatik 19.00etara bitarte, Teila Fabrikan izango dira.

Bestalde, Gordelagun figura ere sortu dute, argazkiak behin baino gehiagotan bidali nahi dituzten herritarrengan pentsatuz. «Irudi emailetza prozesua ahalik eta txukunen egin nahi dugu, pribatutasun legeak beteaz eta erabilpen baimenak zehaztuz, orduan, irudiak ematen dizkiguten bakoitzean akordio dokumentu bat egingo genuke, eta prozesu hori errazteko Gordelagun figura sortu dugu, irudiak askotan emateko asmoa duten pertsonek errazago eman ahal izateko, datuak behin eta berriro eman behar ez izateko», azaldu du Artolak.