Gaur8

«Zurrumurruen aurkako eragileak», xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zas! Zurrumurruen Aurkako Sareak kanpaina bat jarri dute abian, prestakuntza jardunaldien eta KIT lokalen bitartez, herritarren bizikidetza, gizarte-kohesioa eta aniztasunarekiko errespetua sustatzeko.

Ion Gambra eta Xabier Aierdi, Zas! kanpainaren aurkezpenean
Ion Gambra eta Xabier Aierdi, Zas! kanpainaren aurkezpenean

Ion Gambra Giza Eskubideetarako eta Kultura Demokratikoko zuzendariak, eta Zas! Sareko kide Xabier Aierdi soziologoak ostegunean aurkeztu dute kanpaina Aldundian, eta ekitaldian nabarmendu dute prebentzioa «beharrezkoa» dela Europa osoan korronte populista xenofoboen presentzia «gero eta handiagoa» delako.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zas! Zurrumurruen Aurkako Euskal Sareak sentsibilizazio sozialeko kanpaina bat abiarazi dute egunotan, xenofobiari eta diskriminazioari aurre egiteko, bizikidetza eta aniztasunarekiko errespetua bultzatzeko, eta estereotipo eta zurrumurru faltsuen aurrean pentsamendu kritikoa sustatzeko. Ekimen hori lehen aldiz jarriko da martxan lurraldean, eta sei udalerritan antolatuko diren prestakuntza jardunaldi eta hitzaldi-eztabaidetan oinarritzen da. Horietan, gainera, KIT lokalak egingo dira, ingurunean aginduzko funtzioa beteko duten "zurrumurruen aurkako agenteen" sare bat sortzeko.

Ion Gambrak adierazi duenez, Gipuzkoa «desberdintasun gutxien dituen Europako lurraldeetako bat» bihurtzea xede, «kohesio soziala» sustatu nahi da aktiboki, Gipuzkoako gizartea «irekia eta solidarioa delako eta aniztasuna errespetatzen duelako».

Gizartearen jarrera

«Migrazioetatik datorren aniztasuna modu positiboan hartzen dute bertako biztanleek, jarrera irekiarekin, eta ez arazo gisa. Indartzen jarraitu behar ditugu balio horiek, Gipuzkoan ez baitago xenofobiarako eta diskriminaziorako tokirik. Gizarte gisa, guztion artean eustorma bat eraiki behar dugu korronte xenofoboen aurrean, eta testuinguru bat sortu behar dugu, non pertsona guztiak aukera berdinekin bizi ahal izango diren, generoa, sexu-orientazioa, jatorria eta sinesmenak kontuan hartu gabe», adierazi du.

Halaber, nabarmendu du herritarrek zeregin horretan duten rola; izan ere, haren iritziz, «gizarte kohesionatu, kritiko eta ahaldundu bat» da estereotipoei eta zurrumurru faltsuei galga jartzeko «txertorik» onena.