Gaur8

Zientzia eta bertsolaritza batuko ditu 'Jakinduriek mundue erreko dau!' saioak Bilbo, Donostia eta Gasteizen

Bertsozientzia ekitaldia bihartik larunbatera egingo da Bilbon, Donostian eta Gasteizen, "Jakinduriek mundua erreko dau!" saioarekin.

Bilbo, Donostia eta Gasteizera egingo du salto "Jakinduriek mundua erreko dau!" saioak.
Bilbo, Donostia eta Gasteizera egingo du salto "Jakinduriek mundua erreko dau!" saioak.

"Jakinduriek mundue erreko dau!" saioak itxuraz elkarrengandik oso urruti dauden zientzia eta bertsolaritza uztartuko ditu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Astearen baitan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira saioak, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, azaroaren 7an, 8an eta 9an, hurrenez hurren.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak sortutako ekitaldiak bost urteko ibilbidea egin du Bizkaiko eta Gizpuzkoako udalerrietan zehar, eta orain lehen aldiz helduko da Donostiara eta Arabara, Zientzia Astearen eskutik, EHUk jakinarazi duenez. Kike Amonarriz aurkezle eta soziolinguistak zuzenduko du "Bertsozientzia" laburduraz ezagutzen den ekitaldia, non zientziaren ezagutzarentzat bertso bikaina bilatzen saiatuko diren bertsolariak.

Ekitaldi bakoitzak hamar minutuko hiru hitzaldi izango ditu. Hitzaldiak euskaraz izango dira eta inguruko ikertzaile eta zientzialariek emango dituzte. Gaiak egunerokotasunarekin eta ikertzaileen lan ildoekin bat egingo dute eta oholtzara igoko dituzte labur, zehatz eta argi.

Hitzaldia bakoitzaren bukaeran, Amonarrizek harekin lotutako gai bat proposatuko die bertsolariei, besteak beste, bertsoak bota ditzaten. Horrez gain, Bertsozientzia saioetan ikus-entzuleen jakinduria neurtuko da modu berezi samarrean. Izan ere, parte hartzaileen «jakinduriek» saria ere emango da ekitaldiaren baitan. Lehen saioa Bilboko Bizkaia Aretoan izango da, ostegunean 18.30ean, eta Koldo Garcia (genetista), Inma Hernaez (ingeniaria) eta Jon Larruskain (kirol zientzien arloko ikertzailea) ikertzaileek eta Uxue Alberdi eta Igor Elortza bertsoalriek parte hartuko dute.

Donostiako saioa Tabakalerakoa ostiralean izango da, 19.00etan, eta Iker Badiola (biologoa), Elena Lazkano (informatikaria) eta Josu Lopez-Gazpio (kimikaria) ikertzaileek eta Sustrai Colina eta Alaia Martin bertsolariek esku hartuko dute. Azkenik, larunbatean, saioa Gasteizko Bibat museoa izango da, 19:00etan, Oskar Gonzalez (kimikaria), Bittor Rodriguez (nutrizionista) eta Onintze Salazar (meteorologoa) ikertzaileekin eta Jone Uria eta Julio Soto bertsolariekin. Sarrera librea eta doakoa izango da saio guztietan, gelak bete arte.