NAIZ

«Plastifisharen Kostera» ekimenak 35 garbiketa egingo ditu Gipuzkoako ibaietan

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ternuak eta Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak «Plastifisharen Kostera» proiektua bultzatuko dute, prebentzioaren eta sentsibilizazioaren bidez itsas plastikoen eta mikroplastikoen inbasioa desagerrarazteko. 2.000 lagunen inplikazioa bilatzen dute.

Aldundiak, Ternuak eta Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak bultzatuko dute egitasmoa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Aldundiak, Ternuak eta Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak bultzatuko dute egitasmoa. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Sentsibilizazio eta prestakuntza ekimen bat da `Plastifisharen Kostera´. `Jaizkibel-Ulia Clean Up´ proiektuan oinarritzen da, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak sortua Oiartzun ibaiaren arroan plastikoak eta mikroplastikoak garbitzeko.

EOCAk (European Outdoor Conservation Association) hautatu zuen finantzatua izateko eta Ternua markaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren babesari esker, proiektuari bultzada nabarmena emango zaio; izan ere, Gipuzkoako ibai eta ibai-aho garrantzitsuenetara zabalduko du bere ekintza eremua, herritarrak ingurumenaren kontserbazio aktiboan inplikatzeko, itsas zaborraren mehatxuan zentratuz.

Proiektua Gipuzkoako sei arro nagusietako udalerrietan egingo da: Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba. Helburu orokorra da herritarrak ingurunearen kontserbazio aktiboan inplikatzea, ibaian gorako itsas zaborren problematikan eraginez. Itsas ingurunean dagoen zaborraren %80 lehorreko jardueretatik datorrenez, proiektu pilotu honek zabor horren jatorrian eragin nahi du, eta hura konpontzeko lan egin, arroko hainbat eragile inplikatuko dituzten ingurumen hezkuntzako proposamenen bidez.

Helburuak

Ekimena 2019ko urritik 2020ko ekainera bitartean gauzatuko da. Hauek dira proiektuaren helburu nagusiak: itsas zaborra murriztea, balio naturala zabaltzea, itsas zaborren problematika ikusaraztea, horiek konpontzeko ingurumen jardunbide egokiak bultzatzea eta itsas zaborren problematikara eta haien irtenbideetara benetan hurbiltzea, kontsumo ohiturak aldatuz, ingurumen jardunbide egokiak aplikatuz eta komunitatean lankidetzan jardunez.

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, ekimen horren helburua da «itsas zaborrak dakarren mehatxua nabarmentzea eta herritarren inplikazioa sustatzea gertuko ingurumenaren zaintzan». Kontuan hartu behar da, foru arduradunak dioenaren arabera, «itsas zaborraren arazoak ez diola itsasoari bakarrik eragiten, gure ekosistema eta pertsonei ere eragiten die; izan ere, arraina jaten dugunean mikroplastikoak irensten ditugu, lurreko gizakion aktibitateak sorraraziak».