Gaur8

#GasteizenBaiEuskarari gazte mintzodromoa egingo dute bihar, ‘Hiri aktiboa’ gaitzat hartuta

"Hiri aktiboa" izango da ostegunean Gasteizen egingo duten mintzodromoko gai nagusia, eta parte hartzeko info@baieuskarari.eus helbidera idatzi behar da.

Arg: Bai Euskarari
Arg: Bai Euskarari

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak #GasteizenBaiEuskarari gazte mintzodromoa antolatuko du bihar, osteguna, Oihaneder Euskararen Etxean, "Euskaraz, 1+1... Hamaika!" izeneko ekimenaren barruan.

Antolakuntzak asteazken goizean jakinarazi duenez, gazte mintzodromoa goizeko 10.00etan hasiko da, Oihaneder Euskararen Etxean, eta Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleekin euskaraz eta hizkuntzaren egoeraz hitz egiteko elkartuko dira.

Aurtengo topaketako mintzagaia "Hiri aktiboa" izango da eta horren bueltan ikuspuntu ezberdinak landuko dira: hiri adimenduna, mugikortasun hiria, kirol hiria eta #LehenHitzaEus hiria. Ahoz ez ezik, gazteek #GasteizenBaiEuskarari eta #euskaraz11 traolak erabiliko dituzte haien iritziak eta ekarpenak sarean partekatzeko.

Gonbidatuak

Aurte, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea izango da ekitaldiko gonbidatu berezia. Alkateari elkarrizketa egingo diote antolatzaileek, eta gazte parte hartzaileek ere galderak egiteko aukera izango dute.

Bestalde, urtero bezala, aurten ere Baskonia, Alaves eta Araski kirol taldeen laguntza izan dute antolatzaileek, eta kirol elkarteotako taldeen partidetarako sarrerak zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean. Horrez gain, Leocadia Zabalate elkarteak antolatzen duen Izan Zaitez Neu elkartasun kontzerturako bi sarrera eta "Agur Etxebeste" filma zineman ikusteko hamar sarrera ere zozkatuko dituzte.