Gaur8

Euskara eta gaztelaniaz gain, 130 hizkuntza hitz egiten dira Gipuzkoan

Gipuzkoako hizkuntza-aniztasunaren mapa argitara eman dute Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak. Ondorioztatu dute, besteak beste, gipuzkoarren %55a euskaraz hitz egiteko gai dela, eta %70ak ulertzen duela.

Arg: Getty Images
Arg: Getty Images

Gipuzkoako hizkuntza-aniztasunaren mapa aurkeztu dute ostiralean Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika klusterrak, lurraldean dagoen hizkuntzen erradiografia ezagutzera emateko asmoz.

Mapak jasotzen duenez, Gipuzkoako 720.000 biztanleetatik 400.000 lagunek hitz egin dezake euskaraz, eta beste 100.000 inguruk, gutxienez, hizkuntza ulertzen dute.

Baina lurraldeko datuez gain eskualde eta udalerrietako datuak ere ematen ditu. Tokian tokiko erradiografia hori esteka honetan dago ikusgai.

Biztanleriaren jatorriari dagokionez, gipuzkoarren hiru laurdenak Hego Euskal Herrian du jatorria (%71,7 Gipuzkoan, %3 Bizkaian eta Araban eta %1,9 Nafarroan). Bestalde, Estatu espainiarreko gainontzeko lurraldeetatik migratutakoen artean (%13,7), gazteleraz aparteko Estatuko gainontzeko hizkuntzen hiztunak %2 dira. Horietatik %1,5 galegoak dira (ia 11.000 biztanle) eta %0,7 katalanak (5.000 biztanle). Asturiera, aragoiera edo bestelakoak hitz egiten dituztenen kopurua, berriz, «oso txikia» da.

Horrez gain, jatorri atzerritarreko biztanleriaren artean gehiengo handiaren jatorrizko hizkuntza gaztelania da (atzerritarren %40,9rena).

Mila hiztun baino gehiago

Gipuzkoan mila hiztun baino gehiago dituzten hizkuntzak, aldiz, ondorengoak dira: arabiera, tamazighta, errumaniera, portugesa, frantsesa, urduera, punjabera, ukrainera, mandarin txinera nahiz Senegalen jatorria duten hizkuntzak, wolofa kasurako. Galegoak eta katalanak ere, bakoitzak bere kabuz, gainditzen dute mila hiztunen langa.

Mila hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzak, berriz, 120 dira.