Gaur8

Azken hamarkada inoizko beroena izan da EAEn, Euskalmeten arabera

Iragan urtea «oso beroa» izan dela adierazi dute Euskalmetetik, «datuak ditugunetik beroena», nahiz eta hegoaldeko muturrean soilik izan den «oso beroa, 30 urteko beroena».

Udako egun bat, Gasteizen. (Endika PORTILLO/FOKU)
Udako egun bat, Gasteizen. (Endika PORTILLO/FOKU)

Jose Antonio Aranda Euskalmet agentziako meteorologia arduradunak adierazi du «zalantzarik gabe» EAEn beroena izan den hamarkada amaitu berri dela, eta iragarri du «ia ziur» 2020 tenperatura altuenen urteen artean egongo dela, «azken 15 urteak inoizko beroenak izan baitira».

Radio Euskadi irratiari eskaini eta Europa Press berri agentziak jaso duen elkarrizketa batean, euskal meteorologia agentziako arduradunak ohartarazi du lurra berotzen ari dela eta, beraz, EAE ere bai. Gainera, «arazorik handiena» itsasoaren tenperaturaren igoera dela nabarmendu du.

Gainera, 2019an, tenperatura altuen «markak» hautsi ziren zenbait gunetan uztailean eta otsailean, baina baita ekainean izozteak ere, «guztiz sasoiz kanpo».

Euskalmeteko arduradunak adierazi duenez, egoera «oso arraroak» bizi izan dira, klima "muturrerantz" doalako. Egoera horrek nekazaritzan «argi eta garbi» eragiten duela gaineratu du; hala, mahastiak bezalako laborantzak «eremu altuenen» bila dabiltza.

Urte berria bero dator

Jose Antonio Arandak iragarri du, berebat, 2020a «ia seguru» urte «beroenen artean» egongo dela, kontuan izanik «azken 15 urteak inoizko beroenak» izan direla, eta ia ekitaldi batek ere ez duela «sailkapen horretatik ihes egin».

Horrez gain, ohartarazi duenez, klima aldaketa «badago eta gehiagora doa», eta hori gutxitzeko ekintza guztiak sistemaren iraunkortasuna handitzea ekarriko duela azpimarratu du.