Gaur8

Filmin plataformak euskarazko zinema eskainiko du interneten astelehenetik aurrera

Astelehen honetatik aurrera, Filmin plataforma digitalak euskarazko filmak eta dokumentalak eskainiko ditu Filmin Euskaraz streaming kanalaren bitartez, baita euskarara bikoiztuak edo azpititulatuak ere.

‘Loreak’ pelikularen kartela, 2014ko Donostiako Zinemaldian. (Jon URBE/FOKU)
‘Loreak’ pelikularen kartela, 2014ko Donostiako Zinemaldian. (Jon URBE/FOKU)

Filmin Euskaraz kanala jarri du martxan zinea eskaintzen duen plataforma digitalak astelehen honetan. Euskal produkzio onenetakoak biltzeko proposamenarekin sortu da, eta euskarazko, euskaraz bikoiztutako edo euskaraz azpititulatutako ikus-entzunezkoak eskuragarri egongo dira www.filmin.es/canal/filmin-euskaraz helbidean, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Momentuz, 40 lan daude eskuragarri, tartean, Koldo Almandozen 'Oreina', Telmo Esnalen 'Dantza', Roberto Castonen 'Ander' edo Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 'Loreak'.

Dokumentalen artean, Oier Aranzabalek Mikel Urdangarin musikariaren omenez ekoitzi zuen 'Margolaria' lana nabarmendu dute plataformakoek, baita Josu Martinezen 'Jainkoak ez dit barkatzen' edo Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako 'Gure Oroitzapenak' filmak ere.

Filmin-en euskarazko kanala hiru bloketan banatuta dago: fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako zinema. Azken bloke honetan, Mark Osborne-ren 'Printze Txikia' edo 'Dragoi Bola' bezalako ikus-entzunezko ezagunez gain, Juan Bautista Berasategiren 'Nur eta herensugearen tenplua' edo Gorka Sesmaren 'Pixi Post eta opari-emaileak' moduko animaziozko filmak sareratu dira.

Agertu dutenez, kanalaren asmoa da Filmin Euskaraz-en eskainiko diren lanen kopurua pixkanaka zabaltzea eta sareratzea. Laster, adibidez, Golem zinema aretoek Estatu espainiarrean estreinatu dituen zenbait film europar euskal azpitituluekin egongo dira eskuragarri.

Filmin Euskaraz-ek Kataluniako FilminCAT kanalaren ereduari jarraitzen dio; 2017tik aurrera, katalanezko filmak eskaintzen ditu, eta 3.000 pelikula eta dokumental inguru eskaintzen ditu.