Gaur8

Pasaiako ‘Ortze’ arrantza-ontzi hibridoa, Estatu espainiarrean aitzindari

Hamabost urte itsaso zabalean arrantza lanetan aritu ostean, Pasaiako Blas de Lezo Institutu nautikoko eskola-ontzia berriztu eta hibridoa bihurtu dute. 20-30 milia «zero emisioekin» egiteko gaitasuna izango du.

Getariako itsasontzietako arrantzaleak hegaluzea deskargatzen.(Gorka RUBIO / FOKU)
Getariako itsasontzietako arrantzaleak hegaluzea deskargatzen.(Gorka RUBIO / FOKU)

Pasaiako Blas de Lezo Institutu Nautikoko eskola-ontzia Estatu espainiarreko lehenengo arrantza-ontzi hibridoa bilakatu da. Hamabost urtez itsas zabalean arrantza lanetan aritu ostean, ‘Ortze’ ontziaren propultsio sistema berriztu du Orioko Arostegi ontziolak; horri esker, 20 eta 30 milia arteko distantziak inongo isurpenik gabe egin ahal izango ditu.

Enpresa, ikerketa zentro eta unibertsitateek 2017an elkarlanean abiatutako proiektua izan da, eta Ingeteam konpainiak zuzendu du.

Juan José Varela proiektuaren arduradunetako batek azaldu duenez, ontziak diesel motore batekin funtzionatzen zuen lehenago, eta horrek erregaien eta gas kutsakorren isurpen altuak eragiten zituen, baita zarata esanguratsua egin ere.

Motor hau erretiratuz geroztik, ‘Ortze’-k motor elektrikoa dauka. Honi esker, ontziak ez du kasik zaratarik ateratzen eta bateria bidez funtzionatzen duen energia gordetzeko sistema bat dauka. Hortaz, «auto elektriko batek errepidean bezala», nabigatu dezake itsasoan, «zero emisiorekin».

«Horrelako ontziek, hogei edo hogeita hamar milia nautikoko ibilbide laburretan, zero emisioko operazio-moduan nabiga dezakete, eta eragin txikia dute ingurumenean eta itsasoan», azaldu du Varelak. Halaber, bateriak portura iristean kargatu daitezkeela zehaztu du. Horretarako, etorkizunean, karga azkarreko azpiegiturak instalatu beharko lirateke dartsenetan.

Hala ere, adituak zehaztu du arrantza-ontziek ibilbide «luzeagoak» egin behar izaten dituztenez eta itsasoan egun batzuk eman behar izaten dituztenez, ontzi horrek «diesel sorkuntza» sistema bat duela bateriak agortzen diren uneetarako.

«Kasu honetan —gaineratu du—, modu hibridoko nabigazioaz hitz egingo genuke, non sorgailuak eta bateriek energia ematen baitute motorra biratu ahal izateko».

Varelak nabarmendu duenez, «teknologia aitzindaria da Estatuan [espainiarrean]», ez orain arte «existitzen ez zen» zerbait delako, baizik eta «ontzi motarengatik», tamaina handi samarra, baldintza teknologiko jakin batzuk, edota potentzia- eta energia-maila «handiak» eskatzen baititu.

Udaberrian bertan ‘Ortze’-k itsas probak egingo dituela aurreikusten da, ontzia erabat operatibo egon baino lehen. Une horretan, sustatzaileen arabera, «nazioarteko erreferentzia-eskola bilakatuko da, bai erabiltzen duen teknologiagatik, bai hezkuntza-, lanbide-heziketa- eta ikerketa-ekintzengatik».