Gaur8

Cybasque zibersegurtasuneko euskal enpresen elkartea sortu da

Cybasqe zibersegurtasuneko euskal enpresen elkarte berria sortu da. Hamar enpresak osatzen dute momentuz, eta euskal ekosistema «nazioarteko erreferentziazko hub gisa kokatzeko erronkarekin» jaio da. Helburu nagusia da euskal industriaren beharrei eraginkortasunez erantzuteko enpresen ahalmena batzea.

Cybasque elkartearen aurkezpena.
Cybasque elkartearen aurkezpena.

San Frantziskoko (AEB) RSA Conference bilkuraren esparruan iragarri da berria, Basque Cibersecurity Centre (BCSC) erakundeak antolatutako jardunaldietan, sektoreko nazioarteko 250 profesionalen eta EAEko enpresen eta instituzioen aurrean.

Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburua izan da jardunaldia gidatzeko arduraduna. Enpresen ekimena txalotu du, eta nabarmendu du Cybasque «aliatu handia» izan daitekeela «Euskadi XXI. mendeko iraultza teknologiko eta industrialari aurre egiteko prestatutako herrialdea izan dadin laguntzeko».

Cybasqueren helburu nagusia da EAE «nazioarteko erreferente bihurtzea zibersegurtasunean, zibersegurtasunaren aplikazioa industrian bultzatuta, eta herritarrek jakitea segurtasun fisikoa eta logikoa zein garrantzitsua den murgiltzen ari garen ekonomia digitalean».

Proiektu hau Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioetako Euskal Klusterrarekin lankidetzan abiatu da, honako enpresa hauen laguntzarekin: Accenture, Grupo S21Sec Gestión, Integrated Technology Systems (ITS), LKS S. Coop, Sealpath Technologies, Panda Security, Globetesting Norte, Enigmedia, Versia Sistemas TI eta Entelgy ibai. Beste 15 bat konpainiak agertu dute, berebat, elkarte berriari etorkizunean atxikitzea aztertzeko interesa.

Xabier Mitxelena ingeniari donostiar aditua eta zibersegurtasunean aitzindaria izango da elkarteko presidentea. Gaur egun, Mitxelena Accenture enpresako bazkidea da, eta ibilbide luzea egin du sektorean, besteak beste, Sayma Consulting-eko kidea, ATEko burua eta S21sec enpresaren sortzailea izan baita.