Gaur8

Energia autokontsumoaren alde egingo du Bermeoko Eleizalde Ikastolak

Energia Ikastolan bertan sortu eta gastua murrizteaz gain, Eleizaldek prestakuntza eta kontzientziazioa sustatuko ditu ikasleen, familien eta irakasleen artean, proiektu pedagogiko baten bitartez.

Goiener eta Ikastolen Elkarteko lankidetza hitzarmenaren irudia.
Goiener eta Ikastolen Elkarteko lankidetza hitzarmenaren irudia.

Bermeoko Eleizalde Ikastolak energia autokontsumoaren aldeko apustua egingo du, eta instalazio fotovoltaikoak ezarriko ditu hezkuntza zentroan, energia lekuan bertan sortu eta banatzeko helburuz. Hori guztia egiten duten bitartean, proiektu pedagogiko bat egingo dute, ikasle, irakasle eta familiak «energiaren, jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren inguruan» hezteko xedez.

Ekimen honen bidez, Bermoeko ikastolak «bere elektrizitate faktura murriztuko du». Horretarako, instalazio fotovoltaikoak jarriko dituzte, eta hauek sarera konektatuta egongo dira, «soberakina aprobetxatu ahal izateko». Orotara, 1.800 metro karratuko azalera hartuko du instalazio honek, eta urtebetean 410 MWh sortuko ditu; jakinarazi dutenez, gutxi-asko «160 etxek kontsumitzen dutena».

Hala, sare elektrikoak daraman energia %100 berriztagarri kopurua handitzeaz gain, CO2, NOx eta SOx isurketak eta energiaren garraioak eragiten dituen galerak murriztuko dituztela jakinarazi dute ikastolakoek. «Horri esker, urtean 3.900 zuhaitzek xurgatzen dutenaren baliokidea den CO2 emisioa saihestuko da», esplikatu dute.

Goiener Taldearen eskutik garatuko du Eleizalde Ikastolak bere zentroa energiari dagokionez jasangarria bihurtu asmo duen proiektua. Herritarren partaidetzatik abiatuta, energia %100 berriztagarria sortu eta merkaturatzen duen kooperatiba da Goiener, eta Eleizalde Ikastolarena bezalako proiektuak finantzatzen ditu. Hala, ekarpenak egiteko leiho bat ireki dute, 400.000 euro lortzeko aurreikuspenarekin. Bermeon garatuko den proiektuaz gain, beste batzuk egingo dira Armentian (Gasteiz), Andra Marin (Etxarri-Aranatz), Argian (Fontellas) eta Laskorainen (Tolosa).

Urko Goitia Eleizaldeko zuzendariak adierazi duenez, «oso argi daukagu gure eredua gure ekintzetan oinarritu behar dela. Autokontsumoaren alde egin dugun apustuak beste ikastetxe batzuk ere pausoa ematera animatzea gurako genuke, aberasgarria delako gure ingurunerako, gizarterako eta ingurumenerako». Goienerretik, halaber, agertu dute Bermeoko Ikastolakoa «gure helburuekin eta balioekin bat egiten duen proiektua» dela. «Argi daukagu harrera beroa izango duela, eta oso denbora gutxi barru martxan egongo dela», esan dute.