GAUR8

Bertsoa, konfinamendua samurtzeko laguna

Haurrekin bertsolaritza jolaserako aitzakia izan daiteke. Helduek, bertso-eskola birtualean trebatzeko aukera daukate. Eta bertsozaleak, nahi adina saio ditu eskura etxean lasai entzuteko. Bertsozale Elkarteak hainbat tresna jarri ditu berrogeialdirako.

Bertsozale Elkartea
Bertsozale Elkartea

Bertso plazak hutsik daude, saioak bertan behera geratu dira eta bertso eskolak isilik eta lasaiegi daude. Bertsolaritzaren trenak ere geratu egin behar izan du. Baina sarean bada nahikoa baliabide bertsotarako zaletasuna piztuta mantentzeko. Bertsoak entzuteko zaletasuna dutenak zein bertsoak egiteko zaletasuna dutenak, denek topatuko dute neurriko baliabidea.

Bertsozale Elkarteak sarean hainbat tresna daudela gogorarazi du egunotan. Bertsoikasgela.eus helbidean, esaterako, etxeko txikienek bertsolaritzara modu jolasgarrian gerturatzeko modua topatuko dute. Gaurkotasunari lotutako bertso sortak entzun daitezke bertan. Horrez gain, jolasak, asmakizunak, ariketak... benetan jolas interesgarriak topa daitezke, denak bertso forman emanak. Ariketak, irakurtzeko ez ezik, entzuteko moduan daude antolatuak. Eta ariketak modu jolasgarrian eginez, bertsoak osatzen trebatzeko modua dago. Horrez gain, bertso musikatuak ere topa daitezke eta baita bertso saioak ere.

Bestetik, Bertsoeskola.eus webgunea ere badago, bertsoak egiten trebatu nahi dutenentzat. Gaitegiak, errimategiak, doinutegiak, bertso saio historikoak, albisteak... askotariko informazioa topa daiteke bertan. Bertso eskolak itxia dauden honetan, erritmoari eusteko baliabidea izan daiteke.

Bertsoa entzuten gozatzen dutenentzat, Bertsoa.eus helbidea egokia da. Bertan azkenaldian izandako bertso saioak, Hitzetik Hortzerako telebista saioaren pasarteak eta beste topa daitezke. Eta, horrez gain, bertsogintzarekin lotutako ikusentzunezkoak ere eskura jarri ditu elkarteak. Esandakoa, konfinamendu garaia sorkuntzarako eta jolaserako sasoi ona dela ikusita, bertsoa ere sortzeko eta jolasteko tresna egokia da. Bertsozale Elkartetik umorez esan dutenez, «auskalo zenbat bertsolari aterako diren berrogeialdi honetatik».