GAUR8

BerdinGO!, berdintasuna sustatzeko euskarazko mahai jokoa

Bilboko Harrobia ikastolako Lanbide Heziketako Marketin eta Publizitateko ikasleek BerdinGO! euskarazko mahai jokoa sortu dute. Lanbideetan oinarrituta, berdintasuna eta inklusibitatea lantzen ditu, eta ingelesez ere joka daiteke. Sortu duten izen bereko web orrian ikusi eta eskura daiteke.

Irudian, lanbideetan oinarritzen den BerdinGO! jokoa. (Harrobia Ikastola)
Irudian, lanbideetan oinarritzen den BerdinGO! jokoa. (Harrobia Ikastola)

Harrobia ikastolako ikasleek sortu duten jokoa 8 urtetik gorako umeei zuzenduta dago eta berdintasuna eta inklusibitatea bezalako gaiak barneratzea du helburu. Eskolan zein etxean jokatzekoa, sortzaileek nabarmentzen dutenez, euskara lantzeaz gain ingelesa ere praktikatu daiteke haren bidez.

Jokoa Lanbide Heziketako Marketin eta Publizitateko Ikasleek sortu duten BerdinGO! web orrian dago ikusgai eta bertan doan deskargatu eta astebetez probatzeko aukera dago. Egitasmoaren inguruko  informazio zehatza aurki daiteke bertan, baita egileekin kontaktatzeko aukera ere. Era berean, Instagram, Facebook era Twitter sareak arakatu daitezkeela azaldu dute, baita Youtuben zer itxura duen ikusteko aukera badagoela ere.

Zein ezaugarri, zelan jolasten duten

Mahai-jokoa ezagutzera ematearekin batera hau sortzeko izandako ibilbidea ere azaldu du Bilboko Harrobia Ikastolak ohar batean. Izan ere, egitasmoa gauzatzeko prozesuak urtebete baino gehiagoko ibilbidea izan duela kontatu du, eta sortze prozesuan «erabiltzaileen beharrak» aztertzeaz gain dituzten ezaugarriak ere kontuan hartu direla gaineratu du.

«Horrez gain, mahai-jokoen sektorean bete-betean murgiltzeko Bizkaiko Urtxintxa Eskolarekin elkarrizketatu dira eta, ikerketa eginda, prototipoak Bilboko eskola ezberdinetan pilotatu dituztela», argitu du ikastolak.

Jokoak jada urrats batzuk egin ditu merkatuan, sortzaileek Bilboko eskoletan eratu dituzten salmenta sareei esker, eta Lakuako Tknikaren bitartez Eibarko Ikasenpresa azokan ere aurkeztu dute.

PuntuEUS fundazioak gazteen euskarazko eduki digitalen sorkuntza sustatzeko antolatzen duen Kaixomundua lehiaketan parte hartu dute BerdinGO webgunea osatuz.