GAUR8

Errekak 2.000 pantaila banatuko ditu Gipuzkoako merkatari eta ostalarien artean

Erreka kooperatiba antzuolarrak Tknika ikerketa zentroarekin elkarlanean ekoiztutako 2.000 pantaila babesle banatuko ditu Gipuzkoako ostalari eta merkatarien artean. Harremanetan daude jada inguruko udal ordezkariekin, banaketa instituzio eta elkarteen bidez egiteko asmoa baitute.

Merkatarien artean banatuko diren pantaila babesleak. (Erreka Taldea)
Merkatarien artean banatuko diren pantaila babesleak. (Erreka Taldea)

Erreka Kooperatibak iragarri duenez, 2.000 pantaila babesle banatuko ditu Gipuzkoako merkatari eta ostalarien artean. Antzuolako kooperatibak eta Tknika Euskadiko Lanbide Heziketako ikerketa zentroak elkarlanean sustatutako ekimena da.

«Diseinua Tknikako ikasleena da, baina esplotazioa guri eman digute produkzioa aurrera eraman ahal izateko», azaldu du Antton Tomas Errekako zuzendari nagusiak.

«Beharra duten kolektiboei babesa eskaintzea eta haiek euren lana seguruago egin ahal izateko bitartekoak jartzea» da ekimenaren helburu nagusia.

Banaketa instituzio eta elkarteen bidez egitea aurreikusi dute, eta jada kontaktuan jarri dira inguruko udaletako ordezkariekin, «interesa izan dezaketen kolektiboak identifikatu eta produktua helarazte aldera».

Diputazioak zabaltzeko interesa du

Azaldutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak berak ere «interesa agertu du banaketa lurralde historiko osora zabaltzeko» eta dagoeneko horretarako bide egokienak aztertzen ari da.

Tomasek zehaztu du hau «fabrikazio mugatua» izango dela, «puntuala». «Gure asmoa ez da luzaroan produktu hau egitea, beste batzuen artean, moldeek ere muga bat dutelako», azaldu du.

Sarbide automatikoak, finkapenak eta plastikoak dira Mondragon Korporazioko kide den Erreka kooperatibaren negozio unitate nagusiak. Osasun krisialdiak agindutako errealitateari egokitu ondoren, argi diote «etorkizuneko egoera oraindik oso ezezaguna» den arren prest egongo direla beharrezkoak diren barne eta kanpoko egokitzapenak «malgutasunez» egiteko.

Nabarmendu dutenez, krisialdia «malgutasunez» kudeatu dute, beharrezkoak izan diren segurtasun neurriak hartuz eta testuinguru horretan «kolektiboak agertu duen prestutasuna eta jarrera ezin hobea» eskertu dituzte.