GAUR8

Gurasoen kezkarik handiena: adingabeak ezezagunekin harremanetan jartzea

UPV/EHUko EU Kids Online ikerketa taldeak familiek Interneten erabileraren gainean dituzten ohiturak, gaitasunak, ezagutzak eta kezkak aztertu ditu.

 Haur bat ordenagailu aurrean
Haur bat ordenagailu aurrean

Nazioarteko taldeak egindako ikerketaren arabera, gurasoek euren haurren gainean dituzten kezka nagusiak hauek dira: ezezagun bat haurrekin harremanetan jartzea (% 79), eskola errendimendua (% 78), beste adingabe batzuek tratu desatsegina ematea (% 77), Interneten eduki desegokiak ikustea (% 71), osasuna (% 70) eta informazio pertsonala partekatzea sarean (% 68).

Izuak izu, datuen arabera, mehatxu horien aurreko egiazko arrisku pertzepzioa oso txikia da. Hala, % 10ek (9-12 urtekoetan) eta % 21ek (13-17 urtekoetan) bakarrik uste dute ezezagun bat euren haurrarekin harremanetan jarriko denik egiatan. Beste hainbeste gertatzen da online bullyinga gauzatzeko edo nozitzeko arriskuaren gainean, kasu. Pertzepzioa «errealismo gutxikoa» da ikertzaile taldearen iritzian, izan ere, «ezezagunak dira edo gutxietsi egiten dira txikienen disgustu edo ondoez egoerak, eta, era berean, handietsi egiten dira helduak gertaera desatseginak direla kausa egiatan deseroso edo kaltetuta sentitzen diren aldiak».

Ingurune digitaletik kanpo, 13 eta 17 urte arteko nerabeen gainean kezkatuago daude gurasoak 9 eta 12 urte arteko haurren gainean baino. Batik bat, nerabeek alkohola edo droga kontsumituko duten kezkatuta daude (% 62), eta sexu jarduerekin ere bai (% 53).
Seme-alabek Internet erabiltzeak sortzen dizkien zalantzei aurre egiteko laguntza eskatzeari dagokionez, gurasoen erreferente nagusia eskola da; gero datoz familiak eta lagunak. Gurasoek, oro har, administrazioaren eta industriaren esku hartzea handiagoa izateko eskatzen dute, seme-alabei Internet erabiltzen irakasteko.

Kontrolerako estrategiak
Gurasoek euren adingabeen gainean duten kontrolari dagokionez, ikerlanean, estrategia gaitzaileak, Interneti zer-nola aurre egin azaltzekoak, eta murriztaileak, berariazko debekuenak, bereizten dituzte.

Lehenengoetan, ikerketak gurasoen kezka hauek nabarmentzen ditu: seme-alabei webgune jakin batzuen egokitasuna azaltzea (% 63), Interneten egiten dutenaz hitz egitea (% 60), sarea erabiltzeko era seguruak aipatzea (% 57), sareko zerbaitek enbarazu egiten dienean laguntzea (% 52) edo merkataritza jardueren gainean azalpenak ematea (% 51). Hala ere, gutxi dira seme-alabak Internetera konektatzen direnean haien alboan daudela diotenak (% 39).


Murriztaileen kasuan, kezka nagusiak hauek dira: adingabeen pribatutasuna, zer-nola debekatu ordenagailuaren edo mugikorraren kamera erabiltzea, bideoak, argazkiak, etab. online partekatzea (% 30 eta 33 artean), deskargatzen dituzten aplikazioak (% 35), edukien kontrola (% 33), web edukiak blokeatu edo iragazteko guraso kontroleko programak erabiltzea (% 35) eta jardueren jarraipena egitea (% 29).


Txostenak, halaber, «familia digitaletan» seme-alabekin sortzen diren liskar ohikoenak barne hartzen ditu. Hiru dira kausa nagusiak; konektatuta igarotako denbora (% 58), etxeko lanak egitea (% 48) eta oheratzeko ordua (% 45).