GAUR8

Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi-Mailako Heziketa-ziklo berria, Barakaldon

Barakaldoko Nicolas Larburu ikastetxe publikoak Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi-Mailako Heziketa-zikloa eskainiko du datorren ikasturtetik aurrera. EAEn titulu hori eskainiko duen lehenengo ikastetxea da. Aurrematrikula astelehenean zabalduko dute, ikastetxearen webean hitzordua hartuta.

Genero berdintasunaren inguruko jardunaldi bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Genero berdintasunaren inguruko jardunaldi bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi-Mailako Heziketa-zikloa du izena eta emakume eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna sustatzearekin lotutako esku-hartzeen programazioa, garapena eta ebaluazioa dira hezkuntza-ziklo berriaren ardatz nagusiak.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Barakaldoko Nicolas Larburu LHII ikastetxe publikoa izango da titulu ofizial hori lortzeko formakuntza eskaintzen duen lehena, nabarmendu dutenez.

Zikloa D ereduan eta arratsaldez emango da, astelehenetik ostiralera, 14.30etatik 21.00ak arteko ordutegian. Guztira, 2.000 orduko formakuntza izango da, bi ikasturtetan banatuta, eta ikastetxeak berak gogoratu duenez, beste zikloetan bezala, bigarren ikasturtean zehar ikasleek enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute.

Lan-irtenbideak, arlo publikoan eta pribatuan

Ziklo berria izanik, Barakaldoko zentroak arlo horretako profesionalek izaten ohi dituzten betebeharrak azaldu ditu. Argitu duenez, genero-berdintasun arloko zerbitzuetan murgilduko dira profesionalak titulua lortutakoan, arlo publikoko zein pribatuko erakundeetan eta entitateetan, eta zehaztu du tituludunek aukera zabala aurkituko dutela elkarteetan, fundazioetan, erakundeetan, sindikatueta, enpresetan, aholkularitzetan, udal-zerbiztuetan, berdintasuneko antolakundeetan eta gizarte-zentroetan.

Aurrematrikula datorren astelehenetik aurrera dago zabalik, hilaren 19ra arte, eta ikastetxearen webean eskatu ahal da hitzordua www.nlarburu.hezkuntza.net/eu/inicio

Era berean, formakuntzaren edukien gaineko informazioa ikastetxeaen webgunean dago ikusgai, zikloa egin ahal izateko baldintzekin batera.