GAUR8

Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren atarian: «Zerbait ikasi al dugu?»

«Zerbait ikasi al dugu?» galdetu du Haritzalde kolektiboak ostiral honetan ospatuko den Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren atarian. «Gogoeta» eta «ekintzak» eskatu ditu normaltasunera itzultzeko «presa» ingurumenean uzten ari den inpaktuen aurrean, eta gogoratu du «klima aldaketa ate-joka» dugula eta bizitzak babesteko bioaniztasuna dela «inbertsio errentagarriena». Politikarien erantzukizuna aipatu du, baina ardura norbanakoen eskuetan ere badagoela gogoratu du.

Irudian, Donostiako Zurriolako hondartza lehen planoan, konfinamenduaren hasierako egunetan. (Jon URBE/FOKU)
Irudian, Donostiako Zurriolako hondartza lehen planoan, konfinamenduaren hasierako egunetan. (Jon URBE/FOKU)

Ostiral honetan Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren harira Haritzalde naturzaleen elkarteak «gogoeta» eskatu du normaltasunera itzultzea eragiten ari den inpaktu ekologikoari begira.

«Ez dugu ikusi nahi normaltasuna diogun hura zela arazoa eta sistema errotik aldatu beharra dagoela», adierazi du kolektiboak ohar batean. Azaldu duenez, osasun larrialdiak agerian utzi du bioaniztasuna eta pandemiaren artean dagoen «lotura zuzena» eta ondo kontserbatutako ekosistemek bizitzaren babeserako duten garrantzia baieztatu du.

«Harrituta ikusi genuen itxialdiarekin batera airearen kutsadura zein azkar jaisten zen. Horrek gure bizi kalitatean eta gure osasunean eragin zuzena du eta bestela galde diezaiotela, esaterako, arnasbideetako gaixotasun kronikoak dituztenei», planteatu du Haritzaldek.

Nabarmendu duenez, konfinamenduak iraun bitartean «zerbait aldatuko zela» zabaltzen hasi zen, baina Txinaren kasura erreparatuta, «aipaturiko normaltasun madarikatua itzultzearekin batera gasen eta polutzaileen isurketa biderkatu eta aurretik neurtutako mailak gainditzen» ari direla gogoratu du kolektiboak. Euskal Herrian egoera ez da berdina, zehaztu dutenez, trafikoaren igoera eta itzuli diren zarata eta ke mailak kontuan hartuta.

«Paradigmak aldatzen ez badira»

«Naturak izandako atsedena amaitu» eta «hark berreskuraturiko tokia» galduta, deseskalatzea zein azkar ematen ari den nabarmendu du, «denak batera eta gogo biziz, bihar mundurik ez balego bezalako», salatu ditu zenbait jokabide.

Haritzaldek gogoratu du «klima aldaketa ate-joka» dagoela eta «berehalako aldaketak egin eta eginbideak zeharo aldatu» egin behar direla, «gure jardunaren ondorioak ezagututa».

«Ezer gutxi aldatuko da egiteko moduak eta paradigmak aldatzen ez baditugu», adierazi du kolektiboak eta «ezinbesteko» dugun bioaniztasuna «inbertsio errentagarriena» dela berretsi du. Zeregin horretan, politikariek duten «erantzukizun nagusia» aipatu du kolektiboak, baina norbanakoen arduraz ere ohartarazi du.