GAUR8

Covid-19aren aurreko prestakuntza espezifikoa, hezkuntza metodologia berriak eta praktika gehiago BCC-n

Basque Culinay Centerrek (BCC) irailaren 3an berrikuntza handiekin hasiko den kurtsorako diseinatu duen plangintza jakinarazi du. Segurtasun neurri ezagunez gain, berrikuntzak egin ditu hezkuntza-ereduan, irakaskuntza praktikoa eta esperimentala indartuz.

Irudian, Basque Culinary Centerren, lanean. (BCC)
Irudian, Basque Culinary Centerren, lanean. (BCC)

Irailaren hasieran ateak zabalduko dituenean, Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduko eta zortzi masterretako ikasleek ez dira batera hasiko. Arduradunek azaldu dutenez, «apurka-apurka itzuliko dira irailean zehar» eta «Covid-19aren aurkako protokoloen gaineko prestakuntza espezifikoa jasoko dute».

Ikasle gutxiago egongo da talde bakoitzean, babes-sistema espezifikoak ezarriko dira eta tarte handiagoa gordeko da ikasleen artean, jakinarazi dutenez. Horrekin batera, irakaskuntza-metodologiak aldatuko dituzte, eta «irakaskuntza pertsonalizatua izango da, prestakuntza praktiko gehiago eskainiko» da, eta «irakaskuntza-dinamika berriak aplikatuko» direla esan du.

«On-line prestakuntza aurrez aurreko prestakuntzaren osagarri izango da, eta horrek irakaskuntza prozesua pertsonalizatzeko aukera emango du», azaldu du zentroak. Era horretara, ikasleek berrogeialdia egin beharko balute formakuntzarekin aurrera egiteko aukera» bermatuko litzatekeela nabarmendu dute, «klaseetara on-line bertaratzeko» aukera emanez.

Laguntzak eta doako aholkularitza medikoa

Zehaztu dute ikasle guztiek ostalaritza sektoreko enpresentzako bereziki diseinatutako bi prestakuntza jasoko dituztela: elikagaien higieneari eta segurtasunari dagokiona, eta Covid-19a prebenitzeko prozesuei buruzkoa. Izan ere, nabarmendu dutenez, «NBE espezifikoak» erabili beharko dira sukaldean eta aretoan, eta instalazioen eta materialen garbiketa eta «desinfekzio sakonak» egingo dira.

Instalazioen sarbidea eta barruko trafikoa ere birdefinituko dutela aurreratu dute. Azaldu dutenez, 60.000 maskara dituzte prest ikasle eta irakasleentzat, eta kontrol-testak egingo dira eskaintza berezi batekin, telefono eta bideo-dei bidezko doako aholkularitza medikoa iragarri baitute, «24 orduz eta asteko zazpi egunetan».

Neurri ekonomikoen atalean, zentroak zehaztu du 20-21 ikasturterako «itzulketen eta ezeztatzeen» politika «malgutu» duela, «baita aldizkako kuoten bidez egoten diren ordainketen politika ere». Gaineratu duenez, BCC-k hainbat finantza-erakundeekin sinatutako hitzarmenen bidez finantzatuko ditu matrikulak» eta berezko bekak ditu Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduko ikasleentzat.