GAUR8

Osasun larrialdiaren ostean haurrei eta nerabeei laguntzeko proposamenak egin dituzte Gipuzkoan

Zenbait erakunde eta arlotako hainbat eragilek disziplinarteko mahaiak eratu dituzte Gipuzkoan eta Covid 19aren krisiak haurtzaroan eta nerabezaroan dituen eraginak aztertu ondoren zenbait proposamen zabaldu dituzte. Gomendioen artean, udaran gizarte eta hezkuntza-jarduerak antolatzea proposatzen dute, «harreman eta prozesu pertsonal eta kolektiboei berriro ekiteko».

Haurrak konfinamenduan, Hernanin. (Jon URBE/FOKU)
Haurrak konfinamenduan, Hernanin. (Jon URBE/FOKU)

Educo Fundazioaren laguntzarekin “Tratu on” proiektua garatzen duen Hezi Zerb elkarteak zenbait gomendio eta proposamen zabaldu ditu, Covid 19aren krisiak haurtzaroan eta nerabezaroan izan dituen eraginak aztertzeko, Gipuzkoan eratu diren disziplinarteko mahaietan landutakoan oinarrituta. Gomendioetan garrantzi handia ematen diote udan hezkuntza ez-formala lantzeko jarduerak antolatzeari.

Ohar batean azaldu dutenez, «Covid-19aren krisiaren amaieran pixkanakako trantsizioa egiten laguntzea» izan da lan-mahai horien helburu nagusia, pandemiak izan dituen eraginak ebaluatzea eta erakunde publiko eta pribatuei «proposamenak eta irtenbideak ematea».

Testuinguru horretan, «tokiko plangintza baterako balio» dezakeen proposamenen markoa kaleratu dute eta horren barruan lurralde bakoitzaren aukeren eta egoeraren arabera, udarako gizarte eta hezkuntza-jarduerak antolatzeko garrantzia nabarmentzen dute, «jasandako kalteak arintzeko eta haurren eta nerabeen harreman eta prozesu pertsonal eta kolektiboei berriro ekiteko».

«Oso garantzitsua iruditzen zaigu, halaber, eskolan denbora eta espazioo bat sortzea, ikasle guztiek beren eskolako erreferente helduei agur esan diezaieten. Horrela, bizitako esperientzia landuko da, segurtasuna emango zaie, harrera egingo zaie eta hurrengo ikasturtean proiektatuta sentituko dira», planteatzen dutenez. Eskolan agur esateko saio horrek hezkuntza ez-formaleko eragileei txanda pasatzeko balio behar duela zehazten dute, «hezkuntza-esparruen artean hausturarik» egon ez dadin.

Aisialdi hezitzailea, eskubidea

Jarduerak «modu seguruan eta errealistan garatzeko harrera-protokoloak eta sistemak disenatu» beharko liratekeela diote, «kontuan hartuta hezkuntza-aisialdia ez dela luxua, aparteko egoerari aurre egiteko estrategia oso indartsua baizik». Honen inguruan nabarmentzen dute «udako asialdi hezitzailea haur eta nerabeen herritartasun-eskubideen parte« dela.

Haurren eta nerabeen parte hartzea bultzatzeko, sormena landu, proposamen laburragoak artikulatu eta talde txikiak osatzea planteatzen dute. Era berean, tokian tokiko disziplinarteko foroak dinamizatzea eta familiekin eta haur eta nerabeekin alderatuta zehaztea planteatzen dute.

Proposamena Gipuzkoako lurralde osoari zabaldu eta bertako politika, hezkuntza, gizarte, kirol, kultura eta osasun eragileak «trantsizioan laguntzeko jarduera presentzialak sustatzera» animatu dituzte. Horrez gain, «hezkuntza ez formalari lotutako programak, ekimenak eta zerbitzuak mantentzeko» eskatzen dute.