2020/06/24

Etxe zerbitzua Araban frankismo garaian

Bartzelonako Unibertsitateak “Sin descanso. El servicio doméstico durante el franquismo” izeneko liburua argitaratu du UPV/EHUrekin lankidetzan

GAUR8
Etxekozerbitzua
Liburuaren azala

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Zientzien Didaktika Departamentuko irakasle Aritza Saenz del Castillo Velascoren lanak genero ikerketei buruzko UPV/EHUko tesi onenaren Micaela Portilla saria lortu zuen 2014an. Orain, ikerketa hartatik abiatuta, liburua kaleratu dute Bartzelonako Unibertsitateak eta UPV/EHUk.

Liburu horretan diktadura frankistan etxe zerbitzuaren lan merkatua ikertzen da. Tokiaren analisitik abiatuta, estrukturalismo garaiko Gasteizena, Espainiako gainerakora hedatzen den egoera konplexuagoa eta zabalagoa jorratzen du. Hala, etxe zerbitzuaren bilakaera eta eraldaketa aztertzen du ikuspuntu kuantitatibotik eta kualitatibotik, eta, protagonisten bizipenetan oinarrituta, testuinguruan kokatzen du eta esanahia ematen dio.

Etxe zerbitzua oso sektore feminizatua, etxe barrukoa eta familientzat emana izateak oztopatu egin du hura ulertzea, baita lanbidetzat eta epe luzerako lan merkatutzat hartzea ere. Aritza Saenz del Castilloren ikerketa alderdi garrantzitsuetan oinarritzen da, hala nola: etxe zerbitzuaren iritzi soziala, lan baldintzak, langileen elkartze mundua, eskulanaren eskaintzak eta eskaerak ekarritako estrategiak, instituzioen politikak eta jarduera horrek frankismoan izandako bilakaeraren beste arlo batzuk.

Balio handiko lana

Liburuak iradokitzen du Araban, garai horretan, zer garrantzitsuak eta baliotsuak ziren etxe zerbitzua eta zainketen ekonomia. Izan ere, langile klaseen aurrekontuak orekatzen lagundu zuten, baita klase ertainen eta burgesen zainketetan ere, ongizatearen estatua sortzear zegoenean.

Era berean, agerian uzten du sektoreak izan zuen eraldaketa: barnekoa izatetik kanpokoa eta ordukakoa izatera, etxeko laguntzaileek egiten dutena. Hala, estrukturalismoaren baldintza kulturalei eta ikuspuntu teknokratikoari hobeto egokitu zitzaien. Hala ere, laneko legeek gutxi babestutako sektorea izaten jarraitu zuen, ezkutuko ekonomiarekin lotura handia zuena.