GAUR8

EHUko bi ikaslek koronabirusa borrokatzeko karta jokoa sortu dute

Alba Mosteiro eta Eneko Serrano Biokimika eta Biologia graduko ikasleek Covid-19a azaltzen duen karta joko bat garatu dute. Birusaren transmisioa, hilgarritasuna eta babesteko modu onenak bezalako informazioa ezagutarazi nahi du jokoak, eta «dibulgazio zientifikoari, ikerketari eta osasun-sistemari balioa eman».

Eneko Serrano eta Alba Mosteiro EHUko ikasleak, irudian. (EHU)
Eneko Serrano eta Alba Mosteiro EHUko ikasleak, irudian. (EHU)

Koronabirusaren inguruko beharrezko informazioa biltzen du Alba Mosteiro eta Eneko Serrano EHUko ikasleek garatu duten karta jokoak. Molecular Evolution ikasgaiaren barruan burutu dute ekimena eta ikasgai horren helburuetako bat «ikasleek zientzia komunikazioko ahozko eta idatzizko trebetasunak garatzea da», azaldu du Unibertsitateak.

Itziar Alkorta Calvo ikasgaia ematen duen irakasleak proposatutako gaietako bat koronabirusen bilakaera molekularra izan zen eta Mosteiro eta Serranori «berehala piztu zitzaien grina puri-purian dagoen gai bat» izanik. Beharrezko informazio bila hasi eta hasieran webgune bat sortzeko asmoa izan zutela azaldu du EHUk, baina «berehala baztertu zuten» egitasmo «berritzaile eta deigarriago» bat garatzeko.

Jokoaren dinamika erreza dela azaldu dute egileek. «Birus mota horren hedapena gerarazteko neurriei buruz kontzientziatzea da helburua, eta historian zehar agertu diren anduien gaineko informazioa ematea. Izan ere, Covid-19a orain arte izan diren hainbat agerraldietako bat baino» ez dela, zehaztu du Serranok.

Sistema publikoa defendatu dute

EHUko ikasleek ezagutzaren transmisioa «modu entretenigarrian» egin eta dibulgazio zientifikoa irakaskuntza esparrutik kanpo sustatzearen alde azaldu dira. Testuinguru horretan kokatzen dute dibulgazioa sustatzeko telebistan telesailak egitearen ideia edo aurrerapen zientifiko nagusiak erakusten dituzten zientzia museoak.

«Objektuak erakutsi bakarrik egingo ez duen museo bat eta aukera emango duena modu didaktiko eta dibertigarrian ikasteko. Beharbada pieza hori falta du gaur dibulgazio zientifikoak», adierazi du Serranok, bere «ametsetako bat» dela gaineratuz.

Mosteirok eta Serranok itxialdian aldarrikatutakoa ez ahazteko eskatu dute. Azaldu dutenez, iluntzeko txaloak ez dira ezertarako izango «hau guztia amaitzean osasun arloko langileen baldintzak hobetzen ez badira edo ikertzaileen lan eta ikerketa orduak ez badira behar adina ordaintzen, gutxienik, hitzarmen duin eta bidezkoekin».

«Alferrik izango da orain arteko guztia, sistema publikoa arlootan ez bada nabarmen sendotzen«, adierazi dute ikasle biek.