GAUR8

Aranzadiko boluntarioek bi hezegune egokituko dituzte asteburu honetan Zumaian eta Oiartzunen

Aranzadi Zientzia Elkarteko boluntarioek bi mikrohezegune egokituko dituzte asteburu honetan Gipuzkoan. Larunbatean, Zumaian finkatu dute hitzordua eta igandean, Oiartzunen. Gogoratu duenez, azken 21 urteetan, beste hainbat eragileren laguntzaz 300 mikrohezegune inguru sortu edo egokitu dira 50 udalerritan.

Igantziko putzua, Errenterian sortu berri direnetako bat. (Aranzadi)
Igantziko putzua, Errenterian sortu berri direnetako bat. (Aranzadi)

Covid-19aren pandemiak atzeratu ditu Aranzadik Lakuako Gobernuarekin elkarlanean urtero egiten dituen Boluntariotza Jardunaldiak. Edukiera mugatuarekin eta segurtasun neurriak betez datorren asteburu honetan berreskuratuko dituzte, bi mikrohezegune egokitzeko: Zumaian, larunbatean eta Oiartzunen, igandean.

Ekimena duela 20 urte baino gehiago egindako lan baten barruan kokatzen da. Lan horretan, Euskal Herriko 50 udalerritan jardun du hezegune txikiak berreskuratzeko, bioaniztasuna kontserbatzeko helburuarekin.

Putzuak, urmaelak eta arekak biodibertsitate handiko eremuak dira, baina «hauskorrak» ere badira, batez ere mikrohezeguneak. Izan ere, handiekin gertatzen ez den bezala, ez dute babes-figurarik izaten, gogorarazi duenez.

Bi hamarkadatan Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak putzu sare zabala sortu du Nafarroan (124), Gipuzkoan (92), Araban (47) eta Bizkaian (23).

Bionaiztasunaren balioa

Zehaztu duenez, «arrazoi ezberdinak» egon dira «putzuen sorrera edo egokitzapenaren atzean». Urmaelak «sortu eta egokitu» ditu arriskuan dagoen espezie bati laguntzeko, «izan apo lasterkaria, hegoaldeko zuhaitz-igela euskal kostaldean, baso-igel jauzkaria edota apo ezproiduna barnealdean».

Hezeguneak «ahaztutako» ekosistemak izan dira, eta «lehortu, kutsatu eta suntsitu» egin direla gogoratu du zientzia elkarteak. Izan ere, gogora ekarri du XIX. eta XX. mendeetan zehar gizakiak Iberiar Penintsulako hezegune handien %60 suntsitu zituela.

«Biodibertsitatearen aldetik duten balioa, ordea, oso handia da. Hori dela-eta, azken urteetan hezeguneak berreskuratzeko ahalegin berezia egin da mundu mailan. Horrela, gizakia naturarekin zuen zorra kitatzen ahaleginduko da», azaldu du zientzia elkarteak.

Era berean, tamaina txikiko hezeguneak «ingurumen hezkuntza eta dibulgazioa lantzeko tresna didaktiko bikainak» izan daitezkeela nabarmendu dute Aranzaditik.

Asteburu honetako hitzorduetan izena emateko bi bide daude: idazkaritza@aranzadi.eus helbide elektronikora mezua igorri edo 943 466 142 telefono zenbakira deitu.