GAUR8

Jakinmin Elkartea: «Hezkuntza sistemak pentsatzen irakatsi behar du»

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Unibertsitatera sartzeko hautaproba burutzen ari denean, euskal gizarteko hainbat pertsona ezagunek euren atxikimendua eman diote hezkuntzan hausnarketa etiko eta filosofikoa defendatzen duen manifestuari

Jon URBE | FOKU
Jon URBE | FOKU

Gaur eta bihar Unibertsitatera sartzeko hautaprobaren azterketak egingo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Milaka ikasle aurkeztuko dira ebaluazio horretara. Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkartearen iritziz, hezkuntza bera ebaluatzeko une egokia da hau. Hartara, hainbat galdera jarri ditu mahai gainean: «Hausnarketa egin beharko luke sistemak: gai izaten ari ote da haur eta gazteei euren kabuz pentsatzen laguntzeko? Hain eskolatze denboraldi zabalean, lagundu ote du hezkuntza sistemak orain Unibertsitatearen atarian dagoen gazteriak pentsamendu kritiko, sortzaile eta arduratsua izan dezan?».

Euskal Herrian haurrentzako filosofia bultzatzen du Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteak eta beharrezko ikusten du haurtzarotik ikasle bakoitzari elkarrizketa filosofikoaren tresna baliotsua eskaintzea. Jakinminen ustez, «honen bitartez garatzen baitira pentsamenduaren gaitasun ugariak, gainontzeko pertsonenganako enpatia eta tolerantzia sustatuz. Agerian da zeinen garrantzitsua diren horiek liskar eta konfrontazioaren kulturari aurre egiteko».

Manifestua

Bide horretan, “Hezkuntzan, hausnarketa etiko eta filosofikoaren defentsan” manifestua sinatu duen elkarteetako bat da Jakinmin, espainiar Estatuko beste batzurekin batera. Dokumentu horrek aldarrikatzen du «hausnarketa etikoak Derrigorrezko Hezkuntza formaleko ikasmaila guztietan presente egon behar» duela, «ikasgai konkretu gisa». Manifestuak euskal gizarteko alor ezberdinetako hainbat pertsona ezagunen atxikimendua lortu du.

Elkarte horrek garbi daukanez, «ikasgelan antzinako filosofo handien pentsamendua ezagutzeaz gain, haur eta gazteek filosofatzeko aukera izan behar dute. Euren pentsamendua modu librean garatzeko eskubidea aitortu behar zaie, berezkoa duten jakin-minetik abiatuta eta giro ludikoan».

Hezkuntza erreforma berri bat martxan dagoen honetan, manifestuaren sinatzaileek curriculum ofizialean Humanitateek eta Filosofiak merezi duten papera izatea aldarrikatu dute eta «Batxilergoko bi mailetan eta DBHko 4. mailan, derrigorrezko irakasgaia izatera bueltatzea» eskatu. Jendarteak bizi duen ziurgabetasun eta krisi garai honetan, «gizarte gisa arazo horien aurrean arrakasta izateko gakoa pertsonen gaitasun kognitibo eta afektiboak hobetzean eta ohitura etikoak garatzean datza», nabarmentzen da manifestuan.

Bigarren hezkuntzan ez ezik, lehen hezkuntzan ere garrantzitsu jotzen du balio horiek lantzea eta proposamena egiten du norabide horretan: «Haur eta nerabeekin filosofia egiteko proposamen konkretuen eskaintza zabalak» egoki ikusten ditu manifestuak, «ikasgelan hausnarketa etikorako gaitasuna landu eta hobetzeko aukera benetakoa dela erakutsi baitute».