GAUR8

Martxan da 2020ko Indalecio Ojanguren argazki lehiaketa

Argazki lehiaketaren XXXIII. ediziorako deia egin berri du Eibarko Udalak, Klub Deportiboaren laguntzarekin. Lanak aurkezteko epea irailaren lehen egunean zabalduko da.

Ojangurenek egindako argazkia.
Ojangurenek egindako argazkia.

Indalecio Ojanguren eibartarra (1887-1972) argazkilari sonatua izan zen eta haren omenez urtez urte antolatzen den argazki lehiaketak 33. edizioa harrapatuko du aurten. Eibarko Udalak eta Klub Deportiboak elkarlanean antolatzen duten sariketa Argizaiola lehiaketaren sailkapenerako baliagarria da gainera.

Parte hartzea zabala da eta gaia egile bakoitzaren esku geratzen da. Aurkeztu behar diren lanei dagokionez, gehienez ere hiru argazki zuri-beltzean eta hiru argazki koloretan aurkez daitezke. Lan horiek aurretik inoiz saritu gabeak izan behar dute.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, lanak 40x50 cm-ko kartulinarekin edo kartoiarekin indartuak aurkeztu behar dira eta argazkiak gehienez 30x40 cm-koak izan beharko dira. Lan bakoitzaren atzeko partean lanaren izena jarri beharko da eta egile bakoitzak izen bera jarri beharko die aurkezten dituen lan guztiei.

Erakusketa Portalean

Lanak Eibarko Udalera bideratu behar dira postaz eta lanak jasotzeko epea irailaren 1 eta 30 bitartean izango da. Epaimahaia argazkigintzaren munduan ezagunak diren hiru lagunek osatuko dute, baina artean ez dute haien izenik eman.

Sarituak diren lanak Udaleko Portaleko Erakusketa Aretoan erakutsiko dira. Sarituak ez direnen artean ere batzuk aukeratuko dira ikusgai jartzeko. Horrez gain, saritutako lanekin katalogo bat argitaratuko da eta sariketan parte hartu duten guztiei bidaliko zaie.

Ohorezko saria, argazki bilduma onenari, 500 euro, garaikurra eta Portaleak erakusketa egiteko aukera. Horrez gain, beste dozena bat sari daude kategoria desberdinetan banatuak. Argazki lehiaketaren inguruko xehetasun guztiak www.eibar.eus helbidean topa daitezke.