2020/07/27

Plentziako Itsas estazioa, zortzi urtetan nazioartean ikerketa zientifikoaren erreferentea

EHUk Plentzian duen itsas estazioak zortzi urte bete ditu eta ospakizunaren harira ikerketa zientifikoan eta teknologikoan nazioartean lortu duen proiekzioa nabarmendu dute, erreferentziazko zentroa bilakatu baita hainbat alorretan. Bertatik plazaratutako artikuluak, goi mailako aholkularitza zientifikoan egindako lana eta lankidetza sare baten garapena jardueraren garrantziaren adibide batzuk dira.

NAIZ
Plentzia
EHUren itsas estazioa Plentzian. (EHU)

Gaztea da EHUren Plentziako itsas estazioa, zortzi urte bete berri ditu. Ospakizunaren harira balantzea egin du EHUk eta ibilbide labur horretan ikerketa zientifikoan eta teknologikoan «nazioarteko erreferente gisa finkatu» dela nabarmendu du unibertsitateak. Zentroak izan duen ekoizpen zientifiko handia aipatu du bereziki, ateak ireki zituenetik 202 artikulu ekoitzi eta horietako %80 «nazioartean garrantzi handia duten aldizkarietan» argitaratuak izan direla adierazi du.

Zoologia, toxikologia, ingurumen zientziak, itsasoko eta ur gezako biologia, kimika analitikoa, biokimika, biologia molekularra, elikagaien zientzia… anitzak dira jorratu dituen gaiak argitara emandako lan horietan, zehaztu duenez.

Horrekin batera, ekonomiaren garapenean izan duen «funtsezko» papera nabarmendu dute unibertsitatetik. Azaldu dutenez, «goi mailako aholkularitza zientifikoa» eman du, batez ere Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeari, ozeano-ekonomiaren etorkizuna jorratzen duten nazioarteko programetan parte hartzen du, eta «Euskampuseko ezagutza poloaren buru» ere izan da «ozeanoen osasunari eta balorizazio jasangarriari buruz».

EHUko ikertaldeek garatu duten lankidetza sare orokorra aipatu dute, 100 laborategi eta ikerketa zentro baino gehiagoren parte hartzea baitu, horrek proiektuen «finantzaketa lehiakorra» lortzeko duen garrantziarekin.

Era berean, Vigoko Unibertsitateko estazioarekin batera Plentziako Itsas Estazioa EMBRC (Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroa) Europako ikerketa azpiegituraren Estatu espainoleko «nodoa» ere badela gogoratu du EHUk.

Goi mailako hezkuntza zentroa

Estazioaren ikerketa jarduerarekin batera hezkuntzaren atala ere nabarmendu du EHUk, goi mailako graduondoko hezkuntza eskaintzen baitu Erasmus nazioarteko programa ezberdinetan.

Estazioaren ateak gizarteari zabalik ere badaudela gogoratu du unibertsitateak. Izan ere, zentroaren helburuen artean herritarren artean «interesa piztea» dago eta tokiko kulturarekin eta jarduerekin lotura handia duten ikerketak gauzatzea. Arlo horretan, dibulgazio zientifikoko hitzaldiak dira bultzatzen dituen jarduera nagusietako batzuk, baita Bilboko Zientzia Astea edo Bermeoko Arrain Azoka bezalako ekitaldien antolakuntzan duen parte hartzea ere.