GAUR8

Elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioak kontsultatzeko gida argitaratu dute

EHUko argitalpen zerbitzuak elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioak deskribatzen dituen gida praktiko berria argitaratu du. Osasungintzako profesionalei eta herritarrei zuzenduta, gehien kontsumitzen diren farmakoen erabileran zentratzen da ikerlari ezberdinen lan berria.

Alfredo Fernandez Quintela, Maria del Puy Portillo Baquedano eta Saioa Gomez Zorita. (EHU)
Alfredo Fernandez Quintela, Maria del Puy Portillo Baquedano eta Saioa Gomez Zorita. (EHU)

«Elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioen gida praktikoa» izenburua du EHUko eta beste zentro batzuetako ikerlariek elkarlanean argitara eman duten azken lanak eta gehien kontsumitzen diren farmakoetan jartzen du arreta.

Unibertsitateak ohar batean azaldu duenez, aipatutako interakzioak «oso ohikoak» dira eta eragina batik bat elikagaiak zein farmakoak xurgatzeko orduan ematen da, medikamentuen efektuak aldatuz.

Osasun Ministerioaren arabera gehien kontsumitzen diren medikamentuekin izaten diren interakzioak deskribatzen ditu gida berriak eta osasungintzako profesionalei zein herritarrei zuzenduta dago.

Interkazioak bi norabidetan eman daitezkeela zehaztu du unibertsitateak, eta ondorio ezberdinak eraginten direla gaineratu du. «Elikagaiek aldatzen badituzte medikamentuen efektuak, ondorioak farmakologikoak izaten dira eta epe laburrean azal daitezke. Aldiz, medikamentuek aldatzen badute mantenugaien erabilera, ondorio nutrizionalak dira eta denbora gehiago behar izaten da ondorio horiek azalera daitezen; horregatik, ohikoagoak izaten dira tratamentu luze edo kronikoetan», azaldu dute egileek.

Saioa Gomez de Zorita, Noemi Arias Rueda, Alfredo Fernandez Quintela eta Maria del Puy Portilllo Baquedano dira gida berriaren egileetako batzuk, eta EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Sailako ikerketa taldean, Madrilgo Carlos III Osasun Institutuko CIBERon ikerketa zentroan eta BIOARABA Osasun Ikerketa Institutuan aritzen dira. Ondoan, Asturiasko Printzerriko Osasun Zerbiztuko Leticia Gomez Segura eta Sevillako Quiron Luisa Infanta Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuko Jose Contreras Gilbert izan dituzte.

Gehienak saihestu daitezke

Gidaren egileek nabarmendu dutenez, elikagaien eta medikamentuen arteko interakzio gehienak saihestu daitezke, eta horretarako «oso inportantea» da interkazioak ezagutzea, «oso baliagarria baita tratamentu farmakologikoen eraginkortasuna bermatu eta toxikotasuna ahalik eta gehien murrizteko».

Gomendatzen dutenez, «komenigarria da oso osasungintzako profesionalek medikamentuaren ezaugarri framakoterapeutikoak jasotzen dituen fitxa teknikoa irakurtzea, eta pazienteek, berriz, medikamentuaren erabilera-orria arretaz irakurtzea bertan interkazioen gaineko informazio garrantzitsua jasotzen baita».