GAUR8

BCCk hezkuntza-eredua birdiseinatu du «gaitasun pertsonalen garapena» indartuz

Sektoreko erronkei aurre egiteko, Basque Culinary Centerrek (BCC) aldaketak iragarri ditu Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduaren hezkuntza-ereduan lau ardatz indartuz: «irakaskuntzaren pertsonalizazioa, prestakuntza praktikoa, disziplinartekotasuna eta gaitasun pertsonalen garapena».

Basque Culinary Centerrek berrikuntza handiak ezarri ditu ikasturte berriari begira. (BCC)
Basque Culinary Centerrek berrikuntza handiak ezarri ditu ikasturte berriari begira. (BCC)

Irailaren 2an hasiko den ikasturtean birdiseinatutako hezkuntza-eredu bat jarriko du martxan Basque Culinary Centerrek Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduan. Berrikuntza nagusiak «irakaskuntzaren pertsonalizazioa, prestakuntza praktikoa, disziplinartekotasuna eta gaitasun pertsonalen garapena» izango direla iragarri du zentroak.

Aipaturiko aldaketak sektoreak dituen erronkei aurre egiteko beharrean kokatzen du BCCk, «disziplina anitzeko ikuspegia eskainiz». «Testuinguruak oso arin eboluzionatzen du, eta ezinbestekoa da hezkuntza-ereduak eraldatzea etorkizuneko profesionalak prestatzeko», azaldu du zentroak berrikuntzen inguruan.

Tresna digitalak, «online prestakuntza indartu ahal izateko» edota «gehigarri handiko eduki digital berrien» eskaintza eta elikagaien ekoizpenari lotutako «Baratzea» bezalako ekimen berriak ikasturte honen elementu berrietako batzuk izango dira.

«Pandemiaren garai honetan, Fakultateak hezkuntza-jarduerari %100 online eusteko erronkari erantzun dio, Basque Culinary Centerreko ikasleek ikasturtea gal ez zezaten, eta etorkizunean ere jarri dugu ardatza eta pentsatu dugu nolakoa izan behar duen gure hezkuntza-ereduak etorkizuneko gastronomiaren profesionalak prestatzeko», adierazi du Joxe Mari Aizega zentroko zuzendariak.

Benetako praktikan oinarrituta

BCCtik nabarmendu dutenez, «benetako praktikan oinarritutako irakaskuntza indartu» du zentroak, prestakuntzaren %75ra helduz. Horrekin batera, disziplinartekotasuna lantzeko eduki berrika sortu dira, irakaskuntzaren pertsonalizazioa lantzeko talde txikiagoak osatu dituzte eta hautazko edukiak areagotu dituzte.

Ebaluazio sistema ere guneratu dute BCCn, ebaluazio tradizionala, «baterako ebaluazioa» eta autoebaluazioa uztartzen dituen eredua ezarriz.

Bestalde, pandemia dela-eta segurtasun neurri ugari hartu ditu zentroak. Honen inguruan zehaztu dute Ikasle guztiek sukaldaritza-arloko enpresetarako zehazki diseinatutako bi prestakuntza jasoko dituztela, «higienearen eta elikagaien segurtasunaren arloan bat, eta covid-19aren prebentzioarekin lotutako prozesuetara egokitzearen arloan, bestea».

Neurrien artean, sukaldean eta aretoan «NBE espezifikoak nahitaez» erabiltzearen beharra nabarmendu du BCCk.