2020/07/30

EHU zundaketa arkeologikoak egiten ari da Araban, 1936ko gerraren aztarnak ikertzeko

EHUko ikertzaile talde batek 1936ko gerraren aztarnak aztertuko ditu Gorbeiako Parke Naturalaren bihotzean, Oketan eta Burbonan. Zundaketak egiten hasi dira kontserbatzen diren hainbat eraikinen aztarnen inguruan: lubakiak, tiro-postu aurreratuak, babes lekuak, etxolak…

GAUR8
Oketa
Oketa mendiko gailurreko lubakia. (EHU)

Uztailaren 27an Oketa mediaren gailurrean, Zigoitiako udalerrian, EHUko ikerlariek gidatutako hiru zundaketa arkeologikoen indusketa hasi ziren, Gorbeia Txiki izenarekin ere ezagutzen den mendian.

Bertan, 1936 eta 1937 artean, Euzkadiko Gudarostearen borrokalariak egindako hainbat eraikinen aztarnak kontserbatzen direla azaldu du unibertsitateak. Zehaztu duenez, gailurrean «zig-zag formako lubakiak, tiro-postu aurreratuak, babeslekuak eta hainbat harrizko etxola» kontserbatzen dira.

Josu Santamaria Otaola proiektuaren koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, hamar etxola inguru daude, Oketako harearitz material preziatuarekin eginak.

Zigoitiako iparraldean kokatuta, «hasiera batean 1936ko uztailaren 18an estatu kolpea eman zutenen posizio aurreratua» izan zela azaldu dute unibertsitatetik. Gogoratu dutenez, urte bereko azaroaren azken egunean Euskadiko Gudarosteak erasoari ekin zion eta abenduan zehar milaka zauritu eta hildako izan ziren Gasteiz hartzea helburu nagusi zuen erasoaldi hartan.

Garaipenik izan ez bazuten ere Oketa bereganatzea lortu zuten. «Horrela, Euskadiko milizianoak izan ziren Oketa dfendatu eta gotortu zutenak 1936ko abendutik 1937ko apirilera arte. Bost hilabete horietan zehar, mila metro baino gehiagoko altueran CNT sindikatu anarkistaren batailoiek Gorbeia Txiki euren posizio indartsua bihurtu zuten», oroitu dutenez.

Burbonako metrailladore habia

Burbonan (Zuia) borrokaldirik eman ez bazen ere zundaketaren helburua «metrailladore habia –arma automatikoak erabiltzeko egitura babestua– delako bat dokumentatzea» dela  azaldu du EHUk.

«Burbonakoa baliteke Euskal Herrian kontserbatzen den zurezko eta lurrezko metrailladore habi bakarra izatea. Zementuzkoak direnak, logikoa denez, nahiko mantentzen dira gaur egunera arte, baina garaiko dokumentazioan irakur daitekeen moduan, mota honetako postu ugari ez ziren zementuz eraikitzen», adierazi du Santamariak.

«Gauzak horrela, Euskal Herriko ‘bunker organiko eta ekologiko’ bakarra topatu dugula» esan daitekeela nabarmendu du.