2020/07/31

Arantzazuk ingurumena eta gizarte ekintza ardatz dituen laborategi bat hartuko du

Arantzazuko santutegiak eta bere inguruak ingurumena eta gizarte ekintza ardatz dituen berrikuntza laborategi bat hartuko dute, Arantzazu Gaur Fundazioaren patronatuak aho batez adostutakoaren arabera.

GAUR8
Arantzazu
Bisitariak, Arantzazuko Santutegian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Arantzazu Gaur Fundazioak ezohiko bilera bat egin zuen pasa den astelehenean Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian, Oñatiko santutegiari lotutako «irismen luzeko» proiektu bat abian jartzeko. Bertan, Diputazioko agintariez gain, udal ordezkariak, Mondragon Taldeko kideak, Kutxa Fundazioko kideak eta Frantziskotarren komunitateko kideek hartu zuten parte.

Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Arantzazun garatuko den ekimenak euskal unibertsitateen parte hartzea izango du eta «ingurumenean eta gizarte-ekintzan oinarritutako proiektu eraldatzailea» izan nahi du. Horretarako «gizarte-berrikuntzako laborategi bat» izango duela nabarmendu dute, «bizikidetzan, ongizatean, lanean eta klima-aldaketan» arituko dena.

Zehaztutakoaren arabera, patronatuko kideek aho batez onartu zuten proiektuak «Arantzazuren etorkizuna bermatzeko oinarriak» ezartzea du helburu, «Frantziskotarren komunitatea, bost mendetan santutegia eta haren balioak zaindu dituena, gainbehera eta adinean aurrera doalako ebidentziaren aurrean».

Markel Olano ahaldun nagusiak adierazi zuen Arantzazuk «gidari eta aitzindari« izaten jarraitu behar duela Gipuzkoako gizartean. Nabarmendu zuen, bestalde, «berrikuntzaren eta abangoardiaren eskutik, frantziskotarrek, santutegiaren inguruan garatu diren ekimenekin batera» asko lagundu dutela «garapen kultural, linguistiko eta sozialean».

Proiektu berriaren inguruan, aipatu zuen «lankidetza eredua» jarraituko dutela. Adierazi zuenez, erakunde lokalek, kooperatibek eta eragile sozioekonomikoek bat egingo dute egitasmo berrian.

«Izaera herrikoiarekin bat»

Aldundiak bere agirian adierazi zuenez, proiektua bat dator «Arantzazuk historian zehar izan duen izaera herrikoi eta berritzailearekin», santutegiak eta bere inguruak «indar sinboliko handia dutelako herritar askorentzat».

Gogoratu zuen, bestalde, «diktaduraren unerik latzenetan, euskara estandar bateratuaren gordailu eta abiapuntu gisa, arte garaikidearen tenplu gisa, espiritualtasunean erreferentzia gisa, euskal musikaren eta pentsamenduaren harrobi gisa, artzaintza-espaziorako eta ingurune natural paregaberako sarbide gisa» Arantzazuk bete zuen «funtsezko papera».