GAUR8

Beethovenen bederatzi sinfoniak, Gipuzkoan zehar abendu artean

Kamerata EusKdivarius ganbera-orkestrak, Arkaitz Mendoza maisuaren zuzendaritzapean, Ludwig van Beethovenen bederatzi Sinfoniak joko ditu datozen hilabeteetan Gipuzkoako eskualde guztietan, konpositore alemanaren jaiotzaren 250. urteurrena ospatzeko.

Ludwig van Beethovenen irudiaren grafiti bat
Ludwig van Beethovenen irudiaren grafiti bat

Ludwig van Beethoven musika klasikoa esaten zaion esparruko konpositorerik ezagunena da, nonbait, Wolfgang Amadeus Mozart eta Johann Sebastian Bach-ekin batera. Ezagunak dira hirurok eta haien garaietako beste asko, beren musika ez bezala. Beethoveni dagokionez, hainbat filmetan entzun daitezke hareen sinfoniak, sonatak eta ganbera-musika, baina lagun askok ez dakite musikari handi horren obrei dagozkiela.

Joan den uztailak 25etik Gipuzkoan zehar konpositore alemaniar horren sinfonia guztiak entzuteko aukera eskaintzen du Kamerata EusKdivarius ganbera-orkestrak. Egun hartan, Arrasateko Monterron parkean, 6. Sinfonia “Pastorala” jo zuen, aire zabalean entzuteko sinfoniarik aproposena, hain zuzen, naturarekin duen lotura dela eta.

Kamerata EusKdivarius iaz sortu zen, eta lehen unetik arrakasta handia izan du bai ikusleen, bai kritikarien aldetik. Gaur egungo euskal musikaririk trebeenetako askok osatzen dute orkestra. Arkaitz Mendoza maisuaren zuzendaritzapean, 2020an Ludwig van Beethovenen 9 Sinfoniak joko dituzte, covid-19aren pandemiak eragindako atzerapenaz bada ere,  Gipuzkoako eskualde guztietan, konpositore alemanaren jaiotzaren 250. urteurrena ospatzeko. Kamerata EusKdivariusren nahia errepertorio sinfoniko honi ikuspegi eta energia berria eskaintzea da, are partiturak gaur egungo musika-tresna sinfoniko modernoekin jotzeko eguneratuz ere.

Gainerako sinfoniak Gipuzkoako eskualde guztietan entzungo dira hurrengo hilabeteetan, abenduaren 15ean, Beethovenen 250. urtebetetze-egunean bertan amaitu arte. Egun horretan Donostiako Tabakaleran 9. sinfonia, korala, interpretatuko dute.