GAUR8

Gorbeiako Parkearen logoa duten maskarak egin dituzte, ingurua helmuga segurua bihurtzeko

Gorbeiako Parkearen logoa duten maskara berrerabilgarriak zabaldu dituzte parke naturala bera eta inguruko herriak covid-19a birusaren aurkako helmuga seguruak bihurtzeko. 

Gorbeiako parke Naturala, irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)
Gorbeiako parke Naturala, irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gorbeia Helmuga Turistikoak maskara berrerabilgarriak egin ditu Gorbeiako logotipoarekin, parke naturala eta inguruko herriak covid-19 birusaren aurkako helmuga seguruak bihurtzeko. Ekimenak Vital Fundazioaren eta Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartearen diru-laguntzak ditu.

«Maskarak nahitaezkoak eta beharrezkoak dira, eta, horregatik, berrerabilgarriak eta Gorbeiaren logoarekin egin dira, gure eguneroko bizitzan hain ezinbestekoa bihurtu den elementu hori eskuratzen laguntzeko», azaldu du erakundeak ohar batean.

Orozkoko eta Murgiako Turismo Bulegoetan aurki daitezke salgai, eta arreta eta informazio gune horietan eta inguruko turismo-sektoreko establezimendu eta saltokietan aurrez-aurreko zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen artean banatu dira.

Gorbeia Helmuga Turistikoan azaldu dutenez, etorkizunean egingo diren sektoreko ekitaldi eta azoketara joaten diren pertsona eta erakundeen artean banatuko dituzte.

Zehaztu dutenez, ekimenak Vital Fundazioaren diru-laguntza jaso du eta maskarak banatu dira dagoeneko Araban. Bizkaian, Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartea ari da banatzen.

Azken erakunde hau Arratia-Nerbioi eskualdeko irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta landa garapen sozioekonomikoa bultzatzea du helburu. Gorbeialdeko Kuadrillarekin batera Gorbeia Helmuga Turistiko ekimena sortu zuten naturarekin lotutako turismo jarduerak bultzatzeko.