GAUR8

Nazismoaren biktimen ondorengoek eskuragarri dute Austriako herritartasuna

Nazien erregimenak jazarritako herritar austriarren ondorengoek Austriako herritartasuna lor dezakete irailaren 1etik aurrera, modu sinplifikatu batez bideratuz.

Dozenaka mila herritar atera ziren Austriatik, Holokaustotik ihesi
Dozenaka mila herritar atera ziren Austriatik, Holokaustotik ihesi

Xedapen berriak, duela urtebete onartutako Herritartasun Legearen zuzenketa batek, "erregimen nazionalsozialistaren biktimen ondorengoei Austriako nazionalitatea lortzeko aukera ematen die txosten baten bidez", jakinarazi du Austriako Atzerri Ministerioak bere webgunean.

Lege horrek honela definitzen ditu biktima horiek: "Austriako herritarrak, edo antzinako monarkia austrohungarraren ondorengo estatuetakoak, edo apatrida, baina egoitza nagusia Austriako lurraldean dutenak, Hirugarren Reicheko agintarien beldur zirelako edo jazarpena jasaten zutelako, edo Austriako errepublika demokratikoaren jazarpena jasaten zutelako, 1945eko maiatzaren 15a baino lehen emigratu zutenak".

Orain arte, emigratu edo/eta beste nazionalitate bat lortu zuten eta Holokaustotik bizirik atera zirenek bakarrik berreskuratu zezaketen nazionalitate austriarra.

Prerrogatiba hori ondorengo zuzenetara zabaltzea –seme-alabak, bilobak, birbilobak, eta abar– interesdunaren egungo nazionalitateari uko egin beharrik ez izateko baimena barne hartzen du, nahiz eta Austriak ez duen nazionalitate bikoitza onartzen.

Seme-alabatzat hartutakoak ere bai

"Haur adoptatuak ere balia daitezke araudi berriaz, baina adopzioa adingabeak zirenean egin behar izan zen", zehaztu du Ministerioaren komunikatuak.

Agiria edo/eta pasaportea lortzeko egin beharreko bideratzeari dagokionez, "txosten bat aurkezteko lehen urratsa online galdetegi bat betetzea da", alemanez, ingelesez, hebreeraz eta gaztelaniaz prestatu dutena.

Besteak beste, arbasoari buruzko informazioa ematea eskatzen da, eta Nazionalsozialismoaren Biktimentzako Funts Nazionalak egiaztatuko du.

Formularioa Vienako Udalean edo Austriak atzerrian duen edozein ordezkaritza diplomatikotan aurkez daiteke.
Austriako prentsak Latinoamerikako eta Ingalaterrako hedabideen berri eman du. Horien arabera, Erresuma Batuan, Argentinan, Uruguain edo Paraguayn dozenaka mila pertsonak dute austriar herritartasunerako eskubidea, haien arbasoak nazio horietan babestu baitziren nazien lazturatik ihesi.

Austriak, Hirugarren Reicharen parte gisa, aktiboki parte hartu zuen Holokaustoan. Herrialde horretan bakarrik 65.000 judu hil zituzten, eta beste 135.000k garaiz ihes egitea lortu zuten.